Nizako Iron Man proba gogorra akautu zuten Bixente Igartzabal eta Alejo Sarobe lesakarrek

Utzitako argazkiak 2008ko uzt. 17a, 14:58

Igartzabal eta Sarobe Nizako Iron Man proba akautu ondotik. TTIPI TTAPA

3,8 km igerian, 180 km bizikletan eta maratoia lasterka egin zuten

Bixente Igartzabal eta Alejo Sarobe kirolari lesakarrek parte hartu zuten ekainaren 28an Frantziako Iron Man Niza proba gogorrean. Kasik bi mila kirolarik parte hartu zuten Nizako hirian egindako proba honetan, 1.953 zehazki. Kirolariek 3,8 kilometro egin behar izan zituzten igerian, 180 kilometro bizikletan eta maratoia, 42 kilometro eta 192 metro lasterka. Bixente Igartzabal nahiz Alejo Sarobek proba akautzea lortu zuten eta horrek meritu handia du. Probaren irabazlea Marcel Zamora kataluniarra izan zen, 8 ordu, 34 minutu eta 3 segunduko denborarekin.

Kirolari famatuak

Proba honetan kirolari famatuek parte hartu zuten, hala nola garai batean txirrindulari profesionala izan zen Laurent Jalabert frantziarra. Honek hamabigarren postuak akautu zuen proba, 9 ordu, 14 minutu eta 34 segunduko denborarekin.

Igartzabal 501. postuan

Bixente Igartzabalek 501garren postuan akautu zuen. Guzira 11 ordu, 31 minutu eta 38 segundu behar izan zituen proba burutzeko. Igeriko proban ordubete, 19 minutu eta 48 segundu behar izan zituen; 5 ordu, 10 minutu eta 11 segundu bizikleta proban eta 4 ordu, 48 minutu eta 2 segundu maratoian.

Alejok kasik 13 ordu eman zituen lanean

Alejo Sarobe, berriz, 1.114garren postuan sailkatu zen, 12 ordu, 49 minutu eta 38 segunduko denborarekin. Igeriko proba egiteko ordubete, 17 minutu eta 24 segundu behar izan zituen; txirrindulakoa egiteko 5 ordu, 52 minutu eta 24 segundu eta lasterkako proba osatzeko 5 ordu, 22 minutu eta 5 segundu.

Sokatiran Munduko txapeldun izanak

Beti Gazteko sokatira taldearekin Munduko txapeldunak izanak dira Bixente Igartzabal eta Alejo Sarobe eta berriz ere kirolari handiak direla nabarmen utzi dute Nizako Iron Man proba gogorra egin ondotik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun