Rosendo Telletxearen beirak ikusgai daude Berako Kultur Etxean

TTIPI TTAPA 2008ko uztailaren 14a

Larunbat arratsean kontzertua eskainiko dute Hariots eta Chamuyo taldeek Berako Herriko Etxeko Plazan

Uztailaren 11n, joan den ortziralean ireki zen Berako Kultur Etxean Rosendo Telletxearen beira erakusketa. Berako Kultur Batzordeak antolatutako erakusketa hau uztailaren 27ra arte zabalik izanen da, asteartetik igandera, goizeko 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara. Igande arratsaldetan itxita egonen da.

66 urteko argentinarra

Abizen euskalduna badu ere, Rosendo Telletxea Argentinako Entre Ríos probintzian jaio zen 1942an. 13 urte bertzerik ez zituenean, 1955ean ikastun bezala hasi zen beirategi batean. 1960 eta 1970garren hamarkadetan hainbat diseinatzailerentzat lan egin zuen, bertzeak bertze Victor Carozza, Alberto Marais, Antonio Osani, Ines Lumi, Mima Castro edo Martin Padrórentzat. Gaur egun, familiako lantegi bat du eta hainbat erakusketa egin ditu, Argentinan batez ere.

Hariots eta Chamuyo taldeak larunbatean Herriko Etxeko plazan

Bertze aldetik, larunbat honetan, uztailaren 19an, arratseko 22etatik aitzinera, kontzertua eskainiko dute Hariots eta Chamuyo taldeek Berako Herriko Etxeko plazan. Berako Kultur Batzordeak antolatu duen ekitaldi honetarako sarrera doan izanen da.

Hariots folk taldea

Hariots taldea lau lagunek osatzen duten folk taldea da: Maite Elizondo arpa zeltiarra eta teklatuekin, Iñigo Salaberria bibolina eta perkusioarekin, Miguel Angel Garcia baxu elektrikoa eta klarinetearekin eta Julio Bravo bibolina, mandolina eta gitarrarekin. Errepertorio zabala dute eta Euskadi, Irlanda, Ipar Amerika, Argentina eta folklore hebrearra dute oinarri.

Musika argentinarra egiten duen talde euskalduna

Chamuyo taldeari dagokionez, musika argentinarra egiten duen talde euskalduna da. Teklatu jole batek, gitarra joleak eta abeslari batek osatzen dute eta dantzari bikote batek tangoa, milongak eta baltsak dantzatuko ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun