Asier Apezetxea aranztarrak irabazi du Euskadiko Open Spiuk Txapelketa

TTIPI TTAPA 2008ko uzt. 10a, 12:13
Asier Apezetxea TTIPI TTAPA

Kadeteen mailan, Aitor Begino igantziarrak jantzi du txapela

Uztailaren 6an, igandean, Heredian (Araba) erabaki zen Mendi Bizikletako Euskadiko Open Spiuk Centros txapelketa, eta kategoria desberdinetan, bi txapel Arantzara eta Igantzira etorri ziren. Maila nagusian Asier Apezetxea aranztarrak jantzi zuen txapela, eta kadeteen mailako txapela Aitor Begino igantziarrarentzat izan zen.

Eguraldi lainotsua eta tenperatura ona egin zuen, eta torneoko aitzineko saioak baino errazagoa izan beharko lukeena, azkenean ez zen hala izan, aitzineko egunetako euriek lana zaildu baitzuten. Euskal Herriko hainbat txokotan saioak jokatu ondotik, zazpigarren eta azken saio puntuagarria izan zen Heredian jokatutakoa. Elite mailan, Apezetxea, Diez eta Serranoren arteko lehiaren ondotik, azken proba Serranok irabazi zuen. Halere, ordurarte egindako denbora onek eman zioten garaipen nagusia Apezetxeari.

Kadeteen mailan, berriz, Beginok azken proba eta txapelketa, biak irabaztea lortu zuen.

Nafarroako txapeldunak maiatzean

Bi txirrindulari hauek, bakoitza bere kategorian, Mendi Bizikletan Nafarroako txapeldunak izan ziren maiatzean, BeƱat Txoperena gazte mailako igantziarrarekin batera. Azken honek, ordea, mendia utzi eta errepideko bizikleta aukeratu du berriki, eta Gipuzkoako Itzulia ere irabazi du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun