Peñen Egunaren ondotik egun lasaiagoa izanen dute gaur lesakarrek. Azken zortzi urteotan bezala, Xabier Ariztegik egin zuen danbor-jole nagusiaren lana eta gainerakoak bere aginduetara ibili ziren atzokoan. Goizean danborrada, arratsaldean Peñen Jautsiera, giro onean ibili ziren. Betizuak ere izan ziren ilunabarrean, eta ezuste bat baino gehiago eman zieten inguratutakoei. Gaurko egitaraua, berriz, haurrentzako ekitaldiekin eta pilotari profesionalen partidekin osatu dute.
Goizean, haur eta gurasoen danborradari hasiera eman diote 10:30ean. Ondotik Gorritiren ikuskizuna ikusi ahal izanen da, 11:00etan. 12:00etan betizuak izanen dira Plaza Zaharean. 17:00etan karts, puzgarriak... izanen dira komentuan. Ondotik etorriko dira profesionalen arteko pilota partidak.
Pilota partidak gaur eta bihar
Bi partida jokatuko dituzte Aspe pilota enpresako pilotariek. Partida nagusiaren aitzinetik Galartza V.a eta Arruti, Olazabal eta Apeztegiaren kontra arituko dira. Ondotik, berriz, Iñaki Larralde herritarra eta berriz ere kantxetara itzuli den Mikel Goñi ikusteko aukera izanen da. Mikel Goñik Nalda III.a izanen du gibelean eta Larraldek, berriz, Lasa III.a. Hori 18:00etatik aitzinera izanen da.
Bihar ere txoko bat hartuko du pilotak egitarauan. 17:30etik aitzinera Arkupe Pilotazaleen Elkarteak antolatuta bi partida jokatuko dira. Lehenbizikoan Cerezo lesakarrak eta Huarte amaiurtarrak Jaunarena eta Jon Bengoetxea izanen dituzte aurrez-aurre. Bigarrenean, berriz. Mendizabal eta Galarraga bikotea Renobales eta Senperenaren kontra arituko dira. Partida hauetako sarrerak dohainik izanen dira.
Bihar zer
Pilota partidez gain, bihar, azken eguna, bertzelako ekitaldiak izanen dira.
11:30ean Nafarroako Jotak Andra Mari Zahar Etxean.
12:00etan Betizuak Plaza Zaharrean Ablitas txarangarekin.
16:30ean Eskulan tailerrak detraka taldearekin Eltzeta Plazan.
17:30ean Pilota partidak.
18:00etan Kalejira Eskolttikitik Txakainera.
20:00etan Txakaindik jautsiera zortziko doinuarekin.
Arratsaldez eta gauez Joselu Anaiak taldearekin dantzaldia.
Ondotik Ablitas txaranga.
03:00etan Jai-Hilak Ablitas txarangarekin.