Lesakako besten zaindariaren eguna atzo izan zen, San Fermin Eguna. Atzokoan egin zuten Ezpadantzariek Zubigainekoa, Onin errekaren bi aldeetan. XV. Mendean Lesaka gerran zeuden bi auzotan zegoen banatuta, eta dantza horrekin eman zieten amaiera elkarren arteko liskarrei. Baina Peñen Egunerako ere indarrak gordetzen dituzte lesakarrek, eta hori gaurko egunez egiten da.
Gehienak hitzordura berandu ailegatu baldin badira ere, bakar batzuk 8:30ean elkartu dira gosaltzeko. 10:30 aldean eman diote hasiera Peñen danborradari Ablitas txarangaren laguntzarekin. Karrikaz karrika ibili ondotik 12:00etarako bukatu dute itzulia, orduan baitziren hastekoak betizuak. Hiru pieza jotzen dituzte halakoetan, kalejira bat, jota eta porrusalda. Herrian barna ibiltzeko lehendabizikoa eta bertze biak geldialdiak egiten dituztenean. Aipatzekoa da, bai jota eta bai porrusalda ere duela urte batzuk berreskuratu zituela Mikel Iriarte Lesakako Bandako zuzendariak eta geroztik horri eusten diotela. Eguerdi partean, peña bakoitzak bere bidea hartu du. Dena den, arratsalde partean, berriz elkartuko dira, 18:00etan hasiko baita Peñen Jautsiera.
Gainerakoan, 17:00etan Filamento farolaria, Clown eta mimo ikuskizuna izanen da plaza zaharrean, eta 20:30ean betizuen txanda izanen da. Ordu berean, Viva Jalisco mariatxi taldea kalejiran ibiliko da. 22:00etan batukada izanen da Zo-Zongo taldearekin eta gauez Los del Gas eta Lasha taldearekin dantzaldia.
Bihar zer
Uztailaren 9a, Sanferminetako azken aitzineko besta eguna izanen da, batez ere, haurrei eskainitako eguna.
10:30ean haur eta gurasoen danborrada Beti Alai txarangarekin.
11:00etan Gorriti haur animazioa Eltzeta plazan.
12:00etan betizuak plaza zaharrean.
17:00etan karts, puzgarriak… komentuan.
18:00etan pilota partida profesionalak frontoian.
Arratsalde eta gauez Egan taldearekin dantzaldia eta Ablitas txaranga karriketan barna ibiliko da.