Sanferminak dagoeneko hasiak dira Lesakan, eta, ortziralaz geroztik, herritarrak besta giroan murgilduta daude. Ohiturari segituz, Sanfermin Egunaren bezperan bota zuten altxaferoa, eta aurten Lesakako Akordeoilari Taldeak izan zuen lehen altxaferoa botatzeko ohorea. Dena den, Sanfermin Eguna, uztailaren 7a, izaten da lesakarrentzat egunik haundiena, eta egun horretako ekitaldirik garrantzitsuena Zubigainekoa.
Bertze urte batez, dantzariek Onin errekaren bi aldeetan dantza egin dute, aurtengoan Pello Etxebeste kapitainaren aginduetara. Goiz-goizetik Ezpatadantzariak euren itzulia egin dute eta elizara joan dira Meza Nagusia entzutera, udal agintarien eta musika bandaren konpainian. ANVko bi ordezkariek, iaz bezala, bandera espainolarekin ahoa estalia zutela egin dute itzulia. Mezaren ondotik, ohiko prozesioa egin da eta ondotik etorri da Zubigainekoaren txanda. Onin errekaren bi aldetan Zubigainekoa eskaini dute dantzariek jende andanaren aitzinean. Onin errekatik Plaza Zaharrera joan dira eta hemen ere dantza errepikatu dute, herriko ikurra udaletxera igo aitzinetik. Arratsalde partean, 18:00ak aldera, berriz ere Ezpatadantzarien ordua izanen da. Plaza Zaharrean mutil-dantza, neska-dantza, aurreskua eta jotak dantzatuko dituzte.
Ekitaldi gehiago
Uztailaren 7a da bestetako egun nagusia, eta Ezpatadantariak eguneko protagonistak. Baina horrez gain, badago zer ikusi eta zerekin gozatu. Gaur arratsaldean, erraterako, 19:30ean Arrano Elkarteak antolatuta, bertso jaialdia eginen da Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga, Xabi Terreros, Julen Zelaieta eta Julio Sotorekin. Ordu berean kale animazioa izanen da haurrentzat Goloka Park talderaekin Bittirian, eta gauez Gaubela taldearekin dantzaldia izanen da. Egun osoan Incansables txaranga karrikaz karrika ibiliko da.
Bihar zer
Biharkoa ere, uztailaren 8a, egun haundia izanen da lesakarrentzat: Peñen Eguna.
09:00etan Peñen gosaria
10:00etan Peñen Danborrada
12:00etan betizuak Plaza Zaharrean Ablitas txarangarekin
17:00etan Filamento Farolaria, Clown eta mimo ikuskizuna haurrentzat.
18:00etan Peñen Jautsiera.
20:30ean betizuak Plaza Zaharrean.
20:30ean Viva Jalisco mariatxi taldea kalejiran.
22:00etan Batukada Zo-zongo taldearekin.
Gauez Los del gas eta Lasha taldearekin dantzaldia.
Gainerakoan, ortzeguna bitarte ekitaldi ugari izanen dira.