«Parte hartu dudan lehen itzulia irabaztea ezuste haundia eta pozgarria izan da»

TTIPI TTAPA 2008ko uztailaren 7a

TTIPI TTAPA

• Beñat Txoperenak 16 urte bete zituen abenduan. 14 urtera arte pilotan ongi aritu baldin bazen ere, bizikletan hasi zen. Aurten, mendi bizikletan Nafarroako txapeldun izan da junior mailan.

• Mendi bizikletatik errepidera pasatu eta Gipuzkoako Itzulia irabazi zuen. Lau eguneko lehen lasterketa zuen eta ezuste haundia eman zuen. «Ez nuen uste maila horretan ibiltzeko gai izanen nintzenik».

• Aitzinera begira, uztailean, egun bakarreko probatan parte hartu nahi luke eta abuztu hasieran korritzen den Iruñeko Itzulia dauka begiz joa. «Maila ona ematen saiatuko naiz».

Duela urte batzuk, kategoria ttikietako pilota txapelketak irabaziz ezagutu genuen Beñat Txoperena igantziarra. Kadetetako lehen urtera arte pilotan aritu zen. Pilotarien familiakoa da, aitatxitik hasita. Oskar bere aita eta Mitxel bere osaba Munduko txapelketetan eta Bartzelonako Olinpiadetan ere aritutakoak dira.

Baina pilotarako afizio hori apaldu eta txirrindularitzarakoa sortu zitzaion duela pare bat urte. «Kadetetako lehenbiziko urtean biak batera egiten hasi nintzen, bizikleta eta pilota, baina bat edo bertzea aukeratu beharra zegoen. Pilotaz pixka bat aspertua nintzen eta bizikleta aunitz gustatzen zitzaidanez, horretan hastea erabaki nuen».

Ez hasi bakarrik. Maiatzaren 3an, Nafarroako mendi bizikleta txapelketa irabazi zuen junior mailan. Baina ordurako errepideko bizikletan ere hasia zen, Caja Rural taldean. Ez ditu lasterketa aunitz egin errepidean, baina guzietan hamar lehenbizikoetan sailkatu da. Baina Txoperena gazteak junior edo gazte mailako txirrindulariei zuzendutako Gipuzkoako Itzulian eman zuen ezusterik haundiena. Inoiz ez zuen lau eguneko probarik egin igantziar gazteak eta hogei lehenbizikoen artean gelditzea zuen helburu. Lehen eguneko erlojuaren kontrako proban irabazleak baino 22 segundo gehiago behar izan zituen.

Olaberriako kaxkoan lehen garaipena eta maillot horia

Baina lehen etapan, erakustaldia eskaini zuen Olaberriako kaxkoan. Erasoa jo eta bakar-bakarrik sartu zen helmugara. «Hagitz gogorra egin zitzaidan, taldetik eskapatu eta helmugara bitarte hagitz luzea egin zitzaidan, aunitz sufritu nuen, gehien bat etapa horretan». Bere lehen garaipena ez ezik, maillot horia jantzi zuen. Beñaten arerio guziak bera baino zaharragoak eta esperientzia gehiagokoak zirenez, bazirudien abudo galduko zuela maillota, baina azken bi egunetan ongi eutsi zion. «Maillota defendatzen saiatu beharra zegoen eta taldeak ere horretan aunitz lagundu nau. Azkenean lortu genuen!». Bere burua «eskaladoretzat» du Beñatek, baina bertze arlotan ere ongi ibili da itzuli honetan.

Honela, maillotez, garaikurrez eta txapelez ongi hornitua bueltatu da Beñat Txoperena bere lehen itzuli haunditik. Olaberriako etapa irabazteagatik, junior kategoria osoko irabazlea eta lehen urteko juniorren irabazlea. Ezin gehiago eskatu!

Mendi bizikletan junior mailan Nafarroako txapelduna bada ere, Txoperena gazteak errepideko bizikletaren aukera hartu duela aipatu digu. «Mendia arrontean utzia dut eta mendiko bizikleta ez dut hartu ere egin Nafarroako txapelketa irabazi nuenetik. Karreterakoa gehiago gustatzen zait eta horretan zentratuko naiz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun