‘Landazelaiak Lesakarentzat’ herri plataforma aurkeztu da

TTIPI TTAPA 2008ko uztailaren 7a

TTIPI TTAPA

Aldarrikapenen artean, zentro komertzialik ez egitea eskatzen du

Landazelaiak Lesakarentzat herri plataformaren aurkezpena egin zen ekainaren 27an, Udaletxeko arkupetan.

Plataforma hau, herriko sentsibilitate ezberdinez osatuta dago eta Udalak eta konstruktorak egin asmo zuten proiektua ikusita sortu zen. Landazelaiak Lesakarentzat herri plataformak irekia eta zabala izan nahi du, Javier Oronozek hasierako aurkezpenean adierazi zuen bezala. Noruegako Emily Brönte idazlearen hitzak hartu zituen, plataforman parte hartu nahi duen herritar orok ateak zabalik aurkituko dituela adierazteko: «Bihotzak bildu nahi badituzue, bihotzak erein behar dituzue».

«Zentro komertzialik ez!»

Alde horretatik, herri plataformaren aldarrikapenen berri eman zuten Mertxe Rekondok eta Endika Mendegiak: «Zentro komertzialik ez! Lesaka bizirik nahi dugulako, komertzio ttikiaren alde gaude; eredu justuago, solidarioago, jasangarriago baten alde».

Etxebizitza arloan, Lesaka eta Lesakako herritarren beharrak zehaztuko dituen ikerketa ezinbertzekoa dela ere uste du herri plataformak: «Ez gaude etxebizitzak eraikitzearen kontra baina Landazelaiak Lesaka eta Lesakako herritarren beharrak asetzeko erabili behar dira, bai oraingoenak, baita ondorengoenak ere. ‘Gaurko ogiari eta biharko gosia’-ri ezetz diogu». Bide horretan, lehenik eta behin, behar horiek zeintzuk diren jakin behar dela uste du Landazelaiak Lesakarentzat herri plataformak: «Horixe lortzeko bide bat baino ez dago: ikerketa serio eta sakona egitea, zenbat etxebizitza behar diren, bilakaera demografikoa, noiz, non, nola, nolakoak, zer motakoak, alokairua, tutelatua, babestua, librea…».

«Herritarren iritzia kontuan hartzea»

Herritarren iritzia kontuan hartu gabe inolako erabakirik ez hartzea ere eskatu diote Lesakako Udalari: «Landazelaietan garatuko den edozein proiektu Lesaka eta Lesakako herritarren izaeraren errespetuan oinarritu behar da eta prozesu horretan ezinbertzekoa da herritarren parte-hartzea». Udalak parte-hartze hori bultzatu eta bermatuko dituen tresnak martxan jarri behar dituela ere uste du Landazelaiak Lesakarentzat herri plataformak: «Nolako herria nahi dugun eta nolako Lesaka utzi nahi diegun gure ondorengoei, herritar guzien ardura eta kezka behar du izan, ezin da bakarrik Udalaren baitan egon». Agerraldia akautzeko, etxez etxe informazio-orri bat banatu dutela gogorarazi zuen Javier Oronozek eta aurrerantzean ere urrats gehiago emanen dituztela aipatu zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun