Informazio eta Turismo Bulegoa inauguratu dute Ibardinen

TTIPI TTAPA 2008ko uztailaren 7a

TTIPI TTAPA

Bera, Urruña, Lesaka eta Biriaturi buruzko informazioa eskainiko du

Turismo Bulego propioa du Ibardinek joan den hilabeteaz geroztik, zehazki, ekainaren 27az geroztik. Hemendik aitzinera, Bera eta Urruña arteko Ibardingo merkataritza eta natura guneari buruz, nahiz Bera, Urruña, Lesaka eta Biriatuko herriei buruzko informazioa helaraziko die hurbiltzen diren guztiei. Irekiera egunean, bulegoa ikusteaz gain, egindako amankomuneko azpiegitura sarearen eta komunikazio euskarrien aurkezpena ere egin zen.

Turismo bulegoa ez ezik, mendi ibilaldiak eta bertzelako zerbitzuak ere aurkeztu zituzten. Ibardinetik abiatuta hiru ibilbide proposatu dituzte: laku ingurura, monumentu megalitikoen ingurura eta Larun aldera. Josu Iratzoki alkateak Urruñarekin elkarlanean aritzeko borondatea azpimarratu zuen. Eta Odile de Coral Urruñako auzapezak ere Ibardinen egindako lanak goraipatu zituen, tartean Urruña aldean dagoen eta 75 autorendako lekua duen aparkaleku publikoa. Nafarroako Gobernuko Kultura departamentuko Marketing Turistiko Zerbitzuko zuzendaria den Carmen Oroz ere ekitaldian izan zen.

Lanak guztira 1.117.733,59 euro kosta dira eta Interreg III-Aren laguntza 558.866,8 eurokoa izan da. Urruñako Udalak 110.664,30 euro ordaindu ditu eta gainontzekoa Ibardingo Merkatari Elkarteak bideratu du.

Egindako lanak hauek izan dira: sareen azpiegitura berritu –ur hornidura, saneamendua, elektrizitatea, gasa, telefonia– sare amankomuna osatuz; informazio puntua eraiki; eta promozio eta komunikazio euskarriak paratu –informazio seinaleak, interpretazio mahaia eta sortu diren hiru oinezkoendako ibilbideen seinalizazioa; foiletoak eta web orria www.ibardin.net–.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun