Quebrantahuesos proba irabazi zuen Luciano Mitxelena lesakarrak bere kategorian

ttipi-ttapa 2008ko uztailaren 2a

Euskadiko Master kategoriako txapelketa prestatzen ari da orain Luciano Mitxelena. TTIPI TTAPA

48. izan zen sailkapen orokorrean eta 55 eta 64 urte artekoetan lehena

8.000 txirrindulari baino gehiagok parte hartu zuen ekainaren 21ean Quebrantahuesos proba famatuan. Horietatik hamar bat Lesakatik joan ziren. Xabier Zozaia izan zen bizkorrena, 27. postuan. Luciano Mitxelena, berriz, 48. izan zen sailkapen orokorrean.

G kategorian bizkorrena

55 urte ditu Lucianok eta bere kategorian (55-64 urte arteko txirrindulariak biltzen dituen G kategorian) onena izan zen. 6 ordu, 3 minutu eta 22 segundu behar izan zituen Sabiñanigon hasi eta 205 kilometro gogor egin ondotik, Sabiñanigon bertan helmugaratzen den zikloturista proba osatzeko. Tartean, txirrindulariek Frantziako Tuourrak famatu dituen Somport, Marie Blanque edo Portalet bezalako kaxkoak gainditu behar izaten dute.

Bertze proba batzuk ere irabaziak ditu

Ez da nolanahiko marka Luciano Mitxelenarena, kontuan hartzen badugu bizikletan 45 urte zituela hasi zela, gaztetan futbolean, pilotan nahiz lasterka ibili ondotik. Aurten, Luchon, Lourdes, Bonaigua eta Grausko lasterketak ere irabazi ditu bere kategorian. Aitzinera begira, abuztuan eginen den Master kategoriako (50-60 urte) Euskadiko txapelketarako ongi prestatzeko ilusioa du Lucianok.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun