Jai-bus zerbitzua eskainiko da Bortzirietako bestetan

TTIPI TTAPA 2008ko uzt. 1a, 12:35

Lehenbiziko autobusak ortziral eta larunbatean izanen dira Lesakako Sanferminetan

Joan den urtean, Bortzirietako bost udalek Jai Busa martxan jarri zuten, Agenda 21en bitartez. Aurten ere ekimena bultzatuko dute Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi eta Lesakako udalek, Cederna-Garalur eta Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen bitartez kudeatzen da eta Nafaroako Drogen aurkako programaren barrenean lan eginen da, beraiek bultzatzen duten irizpideak segituz.

Ortziral eta larunbatetan

Zerbitzua bortz herrietako bestetan eskainiko da, ortziral eta larunbatetan. Lehenbizikoa, noski, aste hondar honetan izanen da, Lesakako sanferminetan. Jokin Apezetxea, Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako teknikariak eman digu Jai-Bus zerbitzuaren berri. Berak aipatu digunez, txartelaren prezioa 3 eurokoa izanen da. Iaz baino garestiagoa, zerbitzua bikoiztu delakoz, orografia eta herri ezberdinetako biztanle kopurua kontuan hartuz.

Bi ibilbide

Lesakako Sanferminetarako, ortziral eta larunbatean, bi autobus eta bi ibilbide eginen dira. Bat, Bera eta Lesaka artekoa eta bertzea, Arantza, Igantzi, Etxalar eta Lesaka artekoa. Arantzako aparkalekutik, arratseko 21:45ean aterako da lehen autobusa; 22:00etan pasako da Igantziko Bi-Bidetik, 22:15ean Etxalarko Landaburuatik 22:30ak aldera Lesakako suhiltzaileen parkera ailegatzeko. Bigarrena 23:30ean abiatuko da Arantzatik, 23:45ean pasako da Igantzitik eta gauerdian Etxalartik. Beratik, berriz, hiru autobus abiatuko dira Lesakara, 22:00etan, 23:00etan eta gauerdiko 12:00etan. Toki-Onan eta Agerran hartzen ahal da autobusa.

Etxera bueltatzeko ordutegia

Lesakatik etxera bueltatzeko berriz, bi ordutegi izanen dituzte Etxalar, Igantzi eta Arantzakoek. Lehenbiziko autobusa goizaldeko 3:30etan abiatuko da suhiltzaileen aparkalekutik eta 3:45ean ailegatuko da Etxalarrera, 4etan Igantzira eta 4:15ean Arantzara. Bigarren autobusa goizaldeko 6:30ean abiatuko da Lesakatik, 6;45ean izanen da Etxalarren, 7etan Igantzin eta 7:15ean Arantzan. Berakoek etxera bueltatzeko aukera zabalagoa izanen dute, lau ordutegi ezberdinekin: 3:30ean, 4:30ean, 6etan eta 7etan.

Joan den urtean zerbitzua arrakastatsua izan zela aipatu digu Jokin Apezetxeak, eta gurasoek batez ere, begi onez ikusten dute seme-alabek ibilgailu seguru bat izatea etxera bueltatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun