"Landazelaiak Lesakarentzat" herri plataformaren aurkezpena egin zen ekainaren 27an, ortziral arratsean, Lesakako Udaletxeko arkupetan. Plataforma hau, herriko sentsibilitate ezberdinez osatuta dago eta Udalak eta konstruktorak egin asmo zuten proiektua ikusita sortu zen. “Landazelaiak Lesakarentzat” herri plataformak irekia eta zabala izan nahi du, Javier Oronozek, hasierako aurkezpenean adierazi zuen bezala. Noruegazo Emily Brönte idazlearen hitzak hartu zituen, plataforman parte hartu nahi duen herritar orok ateak zabalik aurkituko dituela adierazteko: “Bihotzak bildu nahi badituzue, bihotzak erein behar dituzue”.
Aldarrikapenak
Alde horretatik, Landazelaiak Lesakarentzat herri plataformaren aldarrikapenen berri eman zuten Mertxe Rekondok eta Endika Mendegiak: Zentro komertzialik ez! Lesaka bizirik nahi dugulako, komertzio ttikiaren alde gaude; eredu justuago, solidarioago, jasangarriago baten alde”. Etxebizitza arloan, Lesaka eta Lesakako herritarren beharrak zehaztuko dituen ikerketa ezinbertzekoa dela ere uste du Herri Plataformak: “Ez gaude etxebizitzak eraikitzearen kontra baina Landazelaiak Lesaka eta Lesakako herritarren beharrak asetzeko erabili behar dira, bai oraingoenak, baita ondorengoenak ere. «Gaurko ogiari eta biharko gosia»-ri ezetz diogu”. Bide horretan, lehenik eta behin, behar horiek zeintzuk diren jakin behar dela uste du Landazelaiak Lesakarentzat herri plataformak: “Horixe lortzeko bide bat baino ez dago: ikerketa serio eta sakona egitea, zenbat etxebizitza behar diren, bilakaera demografikoa, noiz, non, nola, nolakoak, zer motakoak, alokairua, tutelatua, babestua, librea…”.
Herritarren iritzia kontuan hartzea
Herritarren iritzia kontuan hartu gabe inolako erabakirik ez hartzea ere eskatu diote Lesakako Udalari: “Landazelaietan garatuko den edozein proiektu Lesaka eta Lesakako herritarren izaeraren errespetuan oinarritu beharra da eta prozesu horretan ezinbertzekoa da herritarren partehartzea”. Udalak partehartze hori bultzatu eta bermatuko dituen tresnak martxan jarri behar dituela ere uste du Landazelaiak Lesakarentzat herri plataformak.
Informazio orria banatu dute etxez etxe
Agerraldia akautzeko, ortziraleko agerraldian egindako adierazpenarekin etxez etxe orri bat banatu dutela gogorarazi zuen Javier Oronozek eta aurrerantzean ere urrats gehiago emanen dituztela aipatu zuen.