Duela urte batzuk, kategoria ttikietako pilota txapelketak irabaziz ezagutu genuen Beñat Txoperena igantziarra. Kadetetako lehen urtera arte pilotan aritu zen, ongi gainera. Pilotarien familiakoa da gainera, aitatxitik hasita. Oskar bere aita eta Mitxel bere osaba, Munduko txapelketetan eta Bartzelonako Olinpiadetan ere aritutakoak dira.
Pilotatik mendi bizikletara eta mendi bizikletatik errepideko txirrindularitzara
Baina pilotarako afizio hori apaldu eta txirrindularitzarakoa sortu zitzaion duela pare bat urte. “Kadetetako lehenbiziko urtean biak batera egiten hasi nintzen, bizikleta eta pilota, baina biak batera ezin zizren egin, bat edo bertzea aukeratu beharra zegoen. Pilotaz pixko bat aspertua nintzen eta bizikleta aunitz gustatzen zitzaidanez, horretan astean erabaki nuen”. Igantzin lehendik ere badira mendi bizikletan dabiltzan txirrindulari aunitz eta hortan hasi zen. Ez hasi bakarrik. Maiatzaren 3an, Nafarroako mendi bizikleta txapelketa irabazi zuen Beñat Txoperenak junior mailan. Baina ordurako errepideko bizikletan ere hasia zen, Caja Rural taldean. Ez zituen lasterketa aunitz egin errepidean, baina guzietan hamar lehenbizikoetan sailkatu zen, batean laugarren, bitan bosgarren, bertze batean seigarren…
Gipuzkoako Itzulian ezustea
Baina joan den asteburuan ezusterik handiena eman zuen Txoperena gazteak junior edo gazte mailako txirrindulariei zuzendutako Gipuzkoako Itzulian. Ortziralean, ekainaren 20an hasi zen lau eguneko proba. Inoiz ez zuen halakorik egin igantziar gazteak eta hogei lehenbizikoen artean gelditzea zuen helburu. Ortziraleko erlojuaren kontrako proban irabazleak baino 22 segundu gehiago behar izan zituen. Baina larunbateko lehen etapan, erakustaldia eskaini zuen Olaberriako kaxkoan. Erasoa jo eta bakar-bakarrik sartu zen helmugara. “Hagitz gogorra egin zitzaidan, taldetik eskapatu eta helmugara bitarte hagitz luzea egin zitzaidan, aunitz sufritu nuen, gehien bat etapa horretan”. Bere lehen garaipena ez ezik, maillot horia jantzi zuen. 12 segunduko aldea ateratzen zion Sauboua frantsesari eta 26koa Urtizberea irundarrari. Beñatek 16 urte bete zituen abenduan eta junior kategoriako lehen urtekoa da. Beraz, arerio aunitz bera baino zaharragoak eta esperientzia gehiagokoak zirenez, bazirudien abudo galduko zuela maillota, baina igandean ongi eutsi zion eta asteleheneko azken etapan bertze erakustaldi bat eman zuen. Ihes eginda zeudenei segituz berak tiratu zuen tropeletik eta bakar-bakarrik bere arerio handienek segitu ahal izan zioten, gurpilean beti ere. “Maillota defendatzen saiatu beharra zegoen eta taldeak ere horretan aunitz lagundu nau. Azkenean lortu genuen!”.
Eskaladorea
Bere burua “eskaladoretzat” du Beñatek, baina bertze arlotan ere ongi ibili da itzuli honetan. Honela, maillotez, garaikurrez eta txapelez ongi hornitua bueltatu da Beñat Txoperena bere lehen itzuli handitik. Olaberriako etapa irabazteagatik, junior kategoria osoko irabazlea eta lehen urteko juniorren irabazlea. Ezin gehiago eskatu! Ezuste handia izan da baina gustora dago Beñat Txoperena igantziarra. “Ez nuen uste maila horretan ibiltzeko gai izanen nintzenik, lehenbiziko etapan suerte pixko bat ere izan nuen. Maillot horia hartu nuen eta hura defendatzen saiatu nintzen”.
Iruñeko Itzulira begira
Mendi bizikletan junior mailan Nafarroako txapelduna bada ere, Txoperena gazteak errepideko bizikletaren aukera hartu duela aipatu digu. “Mendia arrontean utzia dut eta mendiko bizikleta ez dut hartu ere egin Nafarroako txapelketa irabazi nuenetik. Karreterakoa gehiago gustatzen zait eta horretan zentratuko naiz”. Aitzinera begira, uztailean, asteburu pare batez egun bakarreko probatan parte hartu nahi luke eta abuztu hasieran korritzen den Iruñeko Itzulia dauka begiz joa. “Ongi ailegatzen saiatuko naiz berriz, maila nahiko ona emateko bederen”.