Ibardingo Turismo Bulegoa inauguratu dute ekainaren 27an

Aitor AROTZENA 2008ko ekainaren 27a

Ibardingo Turismo bulego berria merkataritza gunearen sarreran dago, gasolindegiaren parean. TTIPI TTAPA

Bera, Urruña, Lesaka eta Biriatuko herriei buruzko informazioa eskainiko du

Ekainaren 27an, ortziral eguerdian Ibardingo Informazio eta Turismo Bulegoaren irekiera ekitaldia egin dute. Bulego honek, Bera eta Urruña artean kokatzen den Ibardingo merkatal eta natura guneari buruz, nahiz Bera, Urruña, Lesaka eta Biriatuko herriei buruzko informazioa heleraziko die Ibardinera hurbiltzen diren guztiei eta lankidetzarako tresna modura egituratzen da. Bulegoa ikusteaz gain, Ibardinen buruturiko amankomuneko azpiegitura sarearen eta komunikazio euskarrien aurkezpena ere burutu da.

Mugaz gaindiko azpiegitura sareak

Inato Irazoki, Ibardingo Merkatari Elkarteko presidenteak hartu du hitza lehenik, bertaratutakoei eskerrak eman eta egindako lanak azpimarratuz. Felipe Saraguetak ere Ibardinen azken urteotan egindako azpiegitura lanak azpimarratu ditu. Izan ere, ur-hornidura, saneamendu eta argindar sareek Bera eta urruña arteko muga gainditzen dute Ibardinen eta denentzat berdinak dira. Turismo bulegoa ez ezik, mendi ibilaldiak eta bertzelako zerbitzuak aurkeztu dituztela azpimarratu nahi izan du. Honela, Ibardinetik abiatuta hiru ibilbide ezberdin proposatzen dituzte, laku ingurura, monumento megalitikoen ingurukoa eta Larun alderakoa.

Auzapezak eta Nafarroako Gobernuko ordezkaria kontent

Josu Iratzoki Berako alkateak euskaraz eman ditu azalpenak eta Urruñarekin elkarlanean aritzeko borondatea azpimarratu nahi izan du. Berako alkatearen ildotik, Odile de Coral Urruñako andere-auzapezak ere Ibardinen egindako lanak goraipatu ditu, tartean Urruña aldean dagoen eta 75 autorendako legua duen aparkaleku publikoa. Ondotik, Nafarroako Gobernuko Kultura departamentuko Marketing Turístico Zerbitzuko zuzendariak, Carmen Orozek solastu du, Ibardingoa mugaz gaindiko proiektu aitzindaria dela erranez.

Langileen aurkezpena

Ekitaldia bukatzeko, Turismo bulegoan lanean ariko diren teknikariak aurkeztu dituzte. Tartean dago Estitxu Iparragirre aranztarra ere, sei urte terdiz Bertizko Turismo Bulegoan aritu ondotik, Ibardingo bidea hartu duena. Urruñako bertze lankide batekin txandaka ariko da, lau egun bat, lau egun bertzea. Aurkezpen ekitaldia behar bezala akautzeko, aperirifa hartu dute Ibardingo benta batean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun