“Landazelaiak Lesakarentzat” herri-plataforma aurkeztuko da ortziral arratsean

TTIPI TTAPA 2008ko ekainaren 27a

20:30ean Herriko Etxeko arkupetan

"Landazelaiak Lesakarentzat" herri plataformaren aurkezpena burutuko da ortziral honetan, ekainak 27, arrratsaldeko 20:30ean, Lesakako Udaletxeko arkupetan. Plataforma hau, herriko sentsibilitate ezberdinez osatuta dago eta Udalak eta konstruktorak egin asmo zuten proiektua ikusita sortu zen. Lesakako Udalak eskuartean zuen azken proiektuaren arabera, 340 etxebizitza eta zentro komertziala egiteko asmoa dagoela dio Plataforma honek. Horregatik, kezka azaldu zuten bere garaian herriko komertziante, ostatu eta dendak biltzen dituen Zerbitzuen Elkarteak. Honen arrimoan, plataforma sortzeko deialdia ere egin zuten maiatz hondarrean. Lehenbiziko bilerak, hagitz jendetsuak izan ondotik, orain “Landazelaiak Lesakarentzat” herri plataformaren aurkezpena eginen dute.

Plataforma irekia eta zabala

“Landazelaiak Lesakarentzat” herri plataformak irekia eta zabala izan nahi: “Ez da gure borondatea inoren kontra joatea, kontrakoa baizik; udal aferetan herritarren partehartzea aldarrikatzen dugu”. Landazelaian jokoan dagoena garrantzitsua dela uste du herri plataformak, “ez da soilik proiektu hau edo hura egitea, ordenazio mota bat edo bertze… bertan eginen denak errotik baldintzatuko du Lesakaren etorkizuna eta batez ere, hurrengo belaunaldien etorkizuna eta bere herrian bizitzeko duten eskubidea. Horren aitzinean herritarrok badugu zer errana. Antolatuz eta mugituz gure ahotsa entzunaraztea posible da, horixe ikasi ahal izan dugu azken hilabeteetan”. Herri Plataformaren erranetan, “nolako herria nahi dugun eta nolako Lesaka utzi nahi diegun gure ondorengoei, herritar guzien ardura eta kezka behar du izan, ezin da bakarrik udalaren baitan egon”.

Zentro komertzialik ez!

hau guzia kontutan hartuta, Herri Plataformaren lehen eskaria garbia da: Zentro komertzialik ez! “Lesaka bizirik nahi dugulako, komertzio ttikiaren alde gaude; eredu justuago, solidarioago, jasangarriago baten alde”.

Etxebizitza beharra zehazteko ikerketa

Etxebizitza arloan, Lesaka eta Lesakako herritarren beharrak zehaztuko dituen ikerketa ezinbertzekoa dela ere uste du Herri Plataformak: “Ez gaude etxebizitzak eraikitzearen kontra baina Landazelaiak Lesaka eta Lesakako herritarren beharrak asetzeko erabili behar dira, bai oraingoenak, baita ondorengoenak ere. «Gaurko ogiari eta biharko gosia»-ri ezetz diogu”. Bide horretan, lehenik eta behin, behar horiek zeintzuk diren jakin behar dela uste du Landazelaiak Lesakarentzat herri plataformak: “Horixe lortzeko bide bat baino ez dago: ikerketa serio eta sakona egitea, zenbat etxebizitza behar diren, bilakaera demografikoa, noiz, non, nola, nolakoak, zer motakoak, alokairua, tutelatua, babestua, librea…”.

Herritarren iritzia kontuan hartzea

Herritarren iritzia kontuan hartu gabe inolako erabakirik ez hartzea ere eskatu diote Lesakako Udalari: “Landazelaietan garatuko den edozein proiektu Lesaka eta Lesakako herritarren izaeraren errespetuan oinarritu beharra da eta prozesu horretan ezinbertzekoa da herritarren partehartzea”. Udalak partehartze hori bultzatu eta bermatuko dituen tresnak martxan jarri behar dituela ere uste du Landazelaiak Lesakarentzat herri plataformak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun