Asteartea, ekainaren 24a San Juan eguna ospatzen da. Bezperako su eta jauziek tokia utzi diete bertzelako sinesmenei. Ziur inor ez dela oroitzen noiztik ospatzen den San Juan Xar eguna, San Juan Xarren, baina argi dago tradizioarekin jarraitzen dutela, nahiz eta aste tartea izan. Eguerdiko 12etan ospatu da meza, eta nahiko gorabeheratsua izan da. Bezperan botatako euriak izugarrizko hezetasuna sortu du eta horren ondorioz, bero sapa eta sargoria ari zuen meza ematen den tokian. Bi pertsona zorabiatu egin dira eta meza eten egin behar izan dute puska batean.
Iturrira bixita eta dantzarien saioa
Ondotik, aurten benetan irristakor zeuden eskailerak jautsi eta iturrira joan da jende gehiena. Batzuk oinak busti edo ura edaten zuten bitartean, beste batzuk Igantziko neska dantzariek eskainitako saioa ikustera hurbildu dira errepide bazterrera. Berriz ere iturrietara hurbildu gara, oraindik ere jendea geratzen bai zen bertan. Tradizioak dio 3 iturrietatik ura edan behar dela eta gaitzak sendatzeko gaitasuna duela.
Eguraldiak bere alde ederrena erakutsi du, nahiz eta ekitaldia bukatu ahala, zerua goibeltzen hasi. Egun pasa polita antolatu dute aunitzek San Juan Xarren aitzakian eta ongi pasatzea opa diegu. Arantzan, adibidez, Zahar Txokon bazkaria zuten Julen Zelaieta eta Xalbador Madariaga bertsolariekin. Lesakatik ere, San Fermin erretiratu elkartekoak hurbildu dira, batzuk oinez eta bertze batzuk autobusez.