Lorez apaindutako balkoi eta leihoen lehiaketa eginen da lehen aldiz Beran

TTIPI TTAPA 2008ko ekainaren 24a

Ekainaren 25etik uztailaren 25era eginen da eta sariak abuztuaren 1ean banatuko dira

Berako Larun-Haitzpe Merkatarien Elkarteak antolatuta, Berako Udalaren eta Rural Kutxaren laguntzarekin lorez apaindutako balkoi eta leihoen lehenbiziko lehiaketa eginen da herrigunean. Ekainaren 25ean hasita uztailaren 25era bitarte luzatuko da lehiaketa eta herria lau zatitan banatu dute horretarako: Agerra auzoa ingurua, Berako plaza aldea; Legia, Kanttonberri eta Eztegara aldea eta Altzate ingurua.

Sari banaketa abuztuaren 1ean

Inguru bakoitzean sari bat banatuko da eta abuztuaren 1ean eginen da hori. Zonalde bakoitzeko irabazleak bi lagunentzako afaria izanen du Berako elkarteko kide den jatetxe batean eta bere balkoi edo leihoaren argazkia markoarekin eta aipamenarekin jasoko ditu, baita lore-xorta bat ere.

Epaimahaia

Epaimahaia Ayla argazkidendako Bixente Tabernak, Goiko argazkidendako Martin Goikoetxeak, Azalea loredendako Nuria Perezek, Kalotxa zapatadendako Adela Arlegik eta udal ordezkari batek osatuko dute. Balkoi edo leihoak baloratzerakoan konposizio artistikoa, kolore aniztasuna eta bertze zenbait ezaugarri kontuan hartuko dituzte. Lehiaketa honen berri zabalago izateko epaimahaikide eta Larun-Haitzpe elkarteko kide den Adela Arlegirekin izan gara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun