Iparraldeko Joku Torneoaren bigarren jardunaldia jokatu zen larunbatean Igantzin

TTIPI TTAPA 2008ko ekainaren 23a

Zenbait probatan berdintasuna eta emozioa izan ziren nagusi

Larunbat honetan, ekainaren 21ean jokatu zen Igantzin Iparraldeko Joku Torneoaren bigarren jardunaldia. Sei modalitate desberdinetan ari dira parte-hartzaileak: koxkor biltzen, ingudea altxatzen, txingak garraiatzen, harria jasotzen, lastoa altxatzen eta zaku lasterketan. Batzuetan lehia ikusgarriak eta parekatuak ikusi ziren.

Koxkor biltzen Fernando Etxegarai nagusi

Ez zen halakorik izan koxkor biltzen. Fernando Etxegarai beratarrak, lehen jardunaldian ez zuen parte hartu, baina Igantzin ongi nagusitu zen, 6 minututik jautsiz gainera. 5 minutu, 59 segundu eta 97 zentesina behar izan zituen. 35 segunduko aldea atera zion bigarren izan zen Josu Jimenezi, 43 segundu eskasekoa hirugarren izan zen Patxi Irazoki igantziarrari, 52 segundukoa laugarren izan zen Andoni Lasaga etxalartarrari eta minutu eta 25 segundukoa bosgarrenari, Zigako Xabier Danborienari. Berriozarko Iñaki Ekisoainek ezin izan zuen parte hartu bigarren jardunaldian eta azkenean, Jon Retegik eta Iñigo Lasagak ez dute torneoan parte hartuko.

Ingude, harri eta lasto altxatzen berdintasun handia

Ingude altxatzeko proban, berdinketa gertatu zen. Lehenbiziko jardunaldian, altxaldi bakarrarengatik nagusitu zen Xabi Sein igantziarra. Igantzin, berriz, 65na jasoaldi egin zituzten Xabik eta Joakin Aioroa ittundarrak. Carlos Sein igantziarrak 62 egin zituen, Ander Mitxelena beratarrak 56 eta Berriozarko Asier Urbistondok 52.
Harria altxatzen Sunbillako Unai Bertiz eta Leitzako Josetxo Urrutia ari dira lehian, hiru motatako harriekin: 125 kiloko zilindroarekin, 112,5 kiloko kubikoarekin eta 100 kiloko bolarekin. Minutu bana izanen dute harri bakoitza jasotzeko. Berriozarren Bertiz sunbildarra izan zen nagusi, eta 230 kilo baino gehiagoko aldea atera zion Urrutiari. Igantzin lehia hagitzez estuagoa izan zen eta azkenean, hamabi kilo terdiko aldea bertzerik ez zuen atera sunbildarrak. Izan ere Bertizek eta Urrutiak hamalauna altxaldi eman zizkioten 125 kiloko zilindroari. 112 kilo terdiko kubikoari 9 eman zizkion Bertizek eta 8 Urrutiak, eta 100 kiloko bolari alderantziz, 10 eman zizkion sunbildarrak eta 11 leitzarrak. Honela, denera 3.762 kilo terdi altxatu zituen Unai Bertizek eta 3.750 kilo Josetxo Urrutiak.
Lasto altxatzen igantziar aritu ziren: Xabi eta Karlos Sein eta Oskar Telletxea. Hauek 40 kiloko lastoa jasotzeko minutu bateko denbora dute. Berriozarren bezalaxe, berdintasun handia izan zen Sein lehengusuen artean. Hamekana altxaldi egin zituzten. Baina Xabik 2 segundu eta 88 zentesima gehiago behar izan zituen hamabigarrena egiteko eta Carlosek 5 minuutu eta 32 zentesima. Oskar Telletxeak hamar altxaldi egin zituen.

Txingekin, Sukuntza leitzarra erraz nagusitu zen

Txingarekin, 40 kiloko txingekin ari dira. Lehen saioan bezalaxe, Miguel Angel Sukuntza leitzarra izan zen jaun eta jabe Igantzin ere. Kasik 23 plaza egin zituen, 643 metro terdi hain zuzen. Javier Galarregi etxalartarra izan zen bigarren, 10 plaza eginez, 280 metro. Joseba Petrirena beratarrak 9 plaza eta laurden pasaxeak egin zituen, 264,10 metro. Berriozarko Imanol Martinek 6 plaza terdi pasatuak egin zituen, 188,80 metro eta Josetxo Urrutia leitzarrak 5 plaza eta laurden pasatuak egin zituen, 153,80 metro zehazki.
Zaku lasterketan emozio handia eskaini zuten Berriozarko bi taldeek eta azkenean, 53 zentesimarengatik nagusitu zen B taldea.

Azken jardunaldia Orbaitzetan

Iparraldeko Joku Torneoaren hirugarren eta azken jardunaldia Orbaitzetan jokatuko da, San Pedro egunean, ekainaren 29an, jokatuko da Orbaitzetan, 12:30etik aitzinera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun