Azpiegitura Planaren barne, Agertxeberri-Bordaberri bidearen zolaberritze lanak ere egin dira. 130.257 euroan eman ziren lanak eta Toki Administrazioaren laguntza 4.090 eurokoa izan da. Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak, berriz, aurrekontu osoaren %60a eman du. Lan hauek Sasoi Eskabazioak enpresak egin ditu.
Berrizaunera ura eramateko lanak ere Azpiegitura planaren barne sartu dira. 103.681 euroko inbertsioa aurreikusi da eta Gobernuak 71.504 euroko laguntza onartu du. Ur depositu berritik hornidura-tuboa eramanen da Berrizaungo deposituetako batera. Gisa berean, Herriko Etxeak Berrizaungo ur hornidura,sareen berrikuntza eta deposito berriaren eraikuntza lanak lehenbailehen onartzea eta egitea eskatu du. Hornidura sareak 104.500 euroko aurrekontua izanen luke eta 102 metro kubiko izanen lukeen depositu berriaren proiektuak 246.574 eurokoa. Berrizaunen ez dago ur-banaketa sare bateraturik, ez uren tratamendurik ere. Herriko depositutik ura ekartzean, tratamendua hobetuko da, baina depositu bakarra egin beharko da eta bizilagunei zerbitzu bateratua eskaintzeko banaketa sarea egin beharko da.