Azkenean ailegatu da uda. Esperoan ginen eta datak bezalaxe, eguraldiak ere hori erakutsi du. Urtesasoi hasiera behintzat eguzkitsu hasi zen. Joan den astean eskolako lagunek ikasturteari akabera eman zioten. Ortziralean, ekainak 20, ateraldia egin zuten Iruñera.
Goizean, Mutiloako bi lantegi bisitatu zituzten: Panasa izeneko ogi lantegia eta Adaxka lorezaintza. Ondoren Iruñan bertan bazkaldu zuten eta Larrabide igerilekuetan pasatu zuten arratsaldea. Gustura eta egunarekin gozatuz ibili ziren. Oraindik maixuak hilabete osoan lanean izanen dira: ikasleen notei buruz gurasoekin bilduz, ikasturte berriko egutegia, liburuak eta abar finkatuz nahiz bertzelako lanak eginez. Halere, irakasle zein ikasleek hurrengo bi hilabeteak atseden hartu eta irailaren 8an ikasturte berria abiatuko dute indarberriturik. Eta tartean Bortzirietako Euskara Mankomunitateak antolaturiko Udaleku Irekiak izanen dira. Aurten, adinaren arabera bi talde banatu dituzte: 3 urtetik 9 urtera eta 10 urtetik 12 urtera. Lerro hauek idazten ari ginela, Euskara Mankomunitatetik jakinarazi digutenez, herriko 7 neska-mutikok izena eman dute. Oraindik izena eman daiteke eta 948 634125era dei daiteke interesa izanez gero. Uztailaren 14tik abuztuaren 8ra izanen dira udalekuak eta era guzietako ekintzak eginen dira astelehenetik ortziralera eta goizero 10:00etatik 12:00etara: tailerrak, eskulanak, antzezlanak, herri kirolak, mendi ateraldiak… Beraz, nahi duenak oraindik badu aukera. Elkarrekin ongi pasatzeko eta euskaraz aritzeko aukera eskaintzen dute Udaleku Irekiek.