Laminaciones de Lesaka lantegia sortu zela 50 urte bete dira

TTIPI TTAPA 2008ko ekainaren 23a

Garairik onenean 2.000 langile zituen Lesaka, Legasa eta Zalain-Zokon

Ekainaren 16an, 50 urte bete ziren Laminaciones de Lesaka lantegia sortu zenetik. Hain zuzen, 1958ko ekainaren 16an sortu zen, 15 milioi pezetako kapitalarekin. Kapital hori 1.100 milioi pezetara handitu zen 1972an. Laminaciones Jose Luis Varez Fisak bultzatu zuen. Txatargile honek tailerra zeukan Pasai Antxon eta Lesakara leku aldatu zuen. Duela mende erdi gorabeherak izan ziren egitasmo hau onartzerako orduan. 1958ko martxoaren 21ean Herriko Etxearen batzarra egin zen eta apirilaren 2an, Junta de Veintena izeneko batzordearen bilera. Ez zen bozketarik egin. Itxura batean, fabrikaren aldekoak kontrakoak baino aunitzez gehiago ziren, eta bozketa eztabaidarako eta haserretzeko bakarrik balioko zuela pentsatu zuten.

Lantegia egiten hasi ziren eta zabalkunde garaia bizitu zuen. Bere gorabehera guziekin, Baztan-Bidasoaldeko motore ekonomikoa izan zen. 1973an, Altos Hornos de Vizcayak hartu zuen Laminaciones. Bilboko enpresaren fakturazioaren erdia Lesakak egiten zuen orduan.

Garairik onenean 2.000 langile baino gehiago aritu ziren Laminacionesen, 1.400 Lesakan, 585 Zalain-Zokon eta 193 Legasan, baina azken mende laurden honetan kopuru hori nabarmen jautsi da. 1990eko hamarkada hasieran CSI taldean sartu zen. Gero pribatizatu eta Arbed taldean, Aceralia izena hartuz. Gaur egun, Lesakako lantegiak Arcelor Mittal izena hartu du. Zalain-Zokoko lantegia, berriz, Condesa taldean sartua dago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun