Afizionatu mailako bere lehen garaipenaren bila zebilen aspaldian Joseba Larralde. Nafarroako 23 urtez beheitiko txapelketa irabazi zuen maiatzean, baina sailkapen orokorrean bigarren izan zen. Bidasoako Itzulian ere saiatu zen, eta sari gisa, lehendabiziko euskaldunaren saria lortu zuen. Baina karrera bat irabaztea falta zitzaion eta horixe lortu zuen ekainaren 14an Laudion jokatutako Pedruzo Memoriala txapelketan. Eta ez zen nolanahiko garaipena izan: Euskadiko elite eta 23 urtez beheitiko txapelketa erabakitzen zuen lasterketa irabazi baitzuen. Bidelan Kirolgi taldeko herritarrak 44 segundoko aldea atera zion bigarren helmugaratuari.