Olio-isuri bat tarteko Zalain Transformados salatua

TTIPI TTAPA 2008ko ekainaren 23a

Nafarroako Foru Poliziak Zalain Transformados enpresa salatu du olio-isuri bat tarteko. Ekainaren 4tik 5erako goizaldean gertatu zen isuria, 6:00ak aldera. Antza, makina bateko depositu batetik olio hidraulikoa lurrera erori zen, eta olio hori arketa baten bidez, euri-kolektorera joan zen, eta hortik Bidasoa ibaira. Isuriaren ondorioz, Foru Poliziak, Oronoz-Mugairiko suhiltzaileek eta Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko teknikoek isuria gertatu zen lekura joan behar izan zuten. Horren harira, Aitor Etxarri NaBai taldeko legebiltzarkideak ekainaren 11n galdera luzatu zion Nafarroako Parlamentuko Ingurumen Batzordeari. Isuriaren kopurua zenbatekoa izan zen, eta eragindako ondorioak zenbaterainokoak izan diren argitzeko eskatu zion Etxarrik, eta gertatutakoari buruzko akta eta txostenen kopia emateko ere eskatu zuen. Zalain Transformadosek isuna jaso lezake ikerketaren amaieran.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun