Altxadi Gaztepeñaren oharra

TTIPI TTAPA 2008ko ekainaren 23a

Agian ezaguna eginen zaizue Altxadi izena. Agian aurreko urteetan Lesakako Sanferminetara hurbildu zaretenak Altxadi izeneko peña baten berri izan duzue, gorri eta beltz koloreko blusa bat duena. Izenak berak erraten duen bezala gazteek sortutako peña bat da, eta izenak berak dioen bezala gazteok Sanferminak hobetzeko beharra ikusten duen peña bat da. Bere ibilbidea orain lau urte hasi zen, herriko gazte multzo batek herriko besteei gabezia batzuk ikusirik tresna bat sortu genuenean gabezia horiek hobetzeko.

Lehenengo hiru urteak sortze fasean kokatu behar ditugu, gure helburuak, izaera, eta jokaera finkatzen pasatu ditugu. Orain, ordea, peña martxan jarri da. Bere izaera eta helburuak finkatu ditu eta orain Sanferminetan eragitera goaz bete-betean.

Gazteok gazteontzat baina herri guztiarentzat sortu dugun peña bat gara. Ehun neska-mutil gara Altxadin, koadrila diferentetakoak, baina gauza bat daukaguna amankomunean: besta diferente batzuk nahi ditugu. Ez dugu jendeak pentsatzerik nahi dagoen guztia zokoratu nahi dugunik. Gure iritziz Sanferminek gauza on aunitz dituzte, baina baita gabezi batzuk ere eta horiek hobetzera goaz. Jai herrikoi, parekide eta parte-hartzaile batzuk nahi ditugu, gure gazte izaera aportatuz herriko besteei.

Aurtengo bestak nahiko xelebre heldu dira data aldetik. Aurten uztailaren 4an hasten dira eta hori dela eta herri mugimenduak, bere parte den Altxadik, egitaraua prestatu du, Sanferminak ahalik eta hoberen ateratzeko denentzat. Guk prestaturikoa uztailaren 9a asteazkenera mugatzen da, non jokoak, 3x3 futbito txapelketa eta peñen arteko poteoa antolatu ditugun. Baina hala ere hemendik herri mugimenduak antolatu dituen ekimenetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. Deskontrol, Naizroxa eta Governorsek eskeiniko duten kontzertutik hasi, presoen aldeko manifatik jarraitu, eta herri bazkari nahiz peñen jaitsieratik pasaz.
Ezin ahaztu aurtengoan etxetik falta ditugun lagunak eta gure peñako kide den Sanse. Mattin, Ainara, Porttu, Joseba eta Iñaki eta bertze guztiak ere gogoan zaituztegula eta etxean nahi zaituztegula.

Lesakako Altxadi Gazte Peña

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun