Aldaketa klimatikoa arintzeko proiektuan parte hartu du Berako Toki Ona Institutuak

TTIPI TTAPA 2008ko ekainaren 20a

Aldaketa klimatikoa arintzeko helburuarekin, Berako Toki Ona institutuak eta Nafarroako bertze zortzi ikastetxek energia aurrezteko eta CO2 murrizteko proiektuan parte hartu dute Nafarroako Ingurumen Arloko Baliabide Zentroarekin batera. Soustenergy izeneko programak ikastetxeetako ikasle, irakasle, langile zein guraso elkarteen parte-hartzea lortu du.

Soustenergy programa

Nafarroako Gobernuak IDEArekin duen hitzarmenaren bitartez abiatu zuten Soustenergy programa. 2005-2006 ikasturtean Nafarroako lau ikastetxek parte hartu zuten, eta oraingo honetan zortzi izan dira izena emandakoak, 6.243 ikasle guztira. Plan energetiko honen ardatz nagusienak ikastetxeko instalazioak, kurtsoetan energia lantzea eta plan energetiko honen parte-hartzea ahalik eta gehien zabaltzea izan dira.

Zortzi ikastetxeak Iruñean

Proiektuan parte hartu duten ikastetxeetako ordezkariak ekainaren 18an bildu ziren Nafarroako Ingurumen Arloko Baliabide Zentroaren egoitzan, eta tartean izan zen Maite Artzuaga Toki Onako irakaslea ere. Gai honen inguruan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan lantzeko lau unitate didaktiko ere prestatu dira, energia mota desberdinak, berogailu sistemak eta ur bero sanitarioa, argiztapen sistemak eta ikastetxearen kontsumo energetikoa aztertzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun