372 mendizalek parte hartu zuten Lesakako IX. Mendi Itzulian

Utzitako argazkiak 2008ko ekainaren 19a

Zenbait mendizale Goiko Iragan atsedena hartzen. TTIPI TTAPA

Beti Gazte Elkarteak antolatuta, igandean Lesakako bederatzigarren Mendi Itzulia egin zen. Bertze aldietan bezala, bi ibilbide izan zituzten aukeran mendizaleek: luzea —33 kilometrokoa eta 1.700 desnibela— eta laburragoa —25 kilometro eta 1.100 metroko desnibela—.

372 mendizale

Igande goizaldean hainbat mendizale hurbildu ziren Lesakako Plaza Zaharraren ingurura. Denetara 372k eman zuten izena parte hartzeko, antolatzaileek uste baino dexente gehiago. Horregatik, jan eta edateko gehiago bildu behar izan zituzten hornidura puntuetara eramateko. Baina ez zen arazorik izan eta partehartzaile guziek antolaketa bikaina izan zela azpimarratu zuten. Gainera, mendian ibiltzeko eguraldi ederra izan zuten. Lehenbiziko orduan ttanttaren bat eskautzen zitzaion hodeitzari, baina poliki-poliki altxatzen joan zen eta goiz osoan eguzki handirik ikusi ez bazuten ere, ateri eta ibiltzeko goxoa izan zuten.

Ibiltzeko egun ederra

Pixkan pixkan igotzen segitu zuten eta bide zaharretik Itsazelaietara ailegatu ondotik, Pagolletan barna Piperlara igo ziren, 705 metrora. Goiti eta beheiti ibili ziren gero Bidango, Galtzarrieta, Elutsa eta Burnaizegiko etxolatik pasatuta, Bianditzera, ibilaldiko punturik garaienera igo ziren, 844 metrora eta gero Errenga ere igo zuten. Behin Domikoko presa ttikira ailegatuta, ibilbide luzea edo motza aukeratu behar izan zuten Laburra hautatu zutenek maldan beheiti zuten gelditzen zen ibilbide guzia. Domikoko presa ttikitik Goiko Iragara zuzenean joan ziren bi kilometroko bidea eginez eta handik herrira. Luzearen aldeko apostua egin zutenek aldiz, bi koxka gogor zituzten oraindik gainditzeko, 594 metrora dagoen Kopa eta Aginako tontorra, 618 metrora zanpatu zituzten. Hortik herrira jautsi ziren mendizaleak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun