Berako Kirol Batzordeak laugarren aldiz antolatutako Kirol Eguna egin zen larunbatean eta arrakastatsua ez ezik, emozioz betetakoa suertatu zen. Goizeko 10etako hasiak ziren neska gazteak, funky hip-hop doinuen erritmora gorputza mugitzen, Nahia Artiedaren erranetara. Saioa akautu zutenean, bere ikasleek lore-xorta eskaini zioten. Segidan, kiroldegiko pista utzi eta goitiko solairuko gela batera jo zuten partehartzaileek, Bertan, Ana Larretxearekin lehenik aerobic egin zuten eta gero, Leire Bereaurekin, aerobic latinoa. Hemen ere neskek bakarrik parte hartu zuten, gizasemeek jendaurrean aritzeko lotsa izaten dute, nonbait.
Artxila boulderraren inaugurazioan, Loro eta Zubi gogoan
Berriz ere kiroldegiko pistara jautsi eta pareta batean antolatu den Artxila izeneko rokodromoaren edo boulderraren inaugurazioa egin zen. Xanti Susperregik boulderra eskaladan prestatzeko gimnasio baten antzekoa dela aipatu zuen. Gero, Loro Pikabeari eta Xabi Zubietari eskainitako plaka agertu zuen. Aipatu behar da bi mendizale hauek bultzatu zutela Berako boulder aretoa, matadero zaharrean paratu zena. Baina leku hura ez zen sobera egokia eta orain kiroldegian izanen da eskaladan trebatzeko aukera. Xanti Susperregik eta Xabi Etxeparek erakustaldi ttiki bat eskaini zuten eta gero, haurrek, gaztetxoek nahiz helduek beraien saiakerak egin zituzten boulderrean, batzuk arrakasta gehiagorekin… bertze batzuk guttiagorekin. Goizeko ekitaldiak akautzeko, Maite Mitxelenak gidatuta, ciclo indoor saioa izan zen. Bat ez ezik bi saio ere egin behar izan zituzten. Izan ere, lehenbizikoan bizikleta guziak okupatu ziren eta lekurik gabe gelditu zirenendako bigarren saioa egin zen. Segidan, Herriko Etxeko ordezkariek eta kiroldegiko langile eta arduradunek bazkaria izan zuten.
Genaro Zelaietari omenaldia
Arratsaldean, Berako Kirol Eguneko ekitaldirik jendetsuena izan zen Matzadan. Hain zuzen, Berako Kirol Batzordeak omenaldia eskaini nahi izan zion aurten hil den Genaro Zelaieta futbolari handiari. Horretarako, Gure Txokoa, Donostiako Erreala eta Iruñeko Osasunako beteranoak bildu ziren Berako futbol zelaian. Lehenik, Berako Herriko Etxeak, Josu Iratzoki alkatearen eta Rafa Etxeberria zinegotziaren bitartez, loreak eta oroigarriak eskaini zizkieten Genaroren emazteari eta alabari. Bertze horrenbertze egin zuten 45 minutuko lehenbiziko partida jokatu zuten Gure Txokoa eta Errealeko jokalariek ere. Gure Txokoaren aldetik, Javier Zelaietak, Genaroren anaiak eman zuen oroigarria eta Errealaren aldetik, Roberto Lopez Ufarte ttiki bezain haundiak.
Gure Txokoako 35 beterano
Aipatzekoa da Gure Txokoak 35 bat beterano bildu zituela omenaldi honetarako. Lehenbiziko minutuetan xaharrenak aritu ziren, 60 urteren bueltan dabiltzan aunitz. Saiatu saiatu ziren, baina urteek ez dute barkatzen eta minutu horiek aprobetxatu zituzten Errealeko jokalariek, nabarmen gazteagoek, aldetxoa lortzeko markagailuan. Kontuan hartu behar da Errealean Alberto Gorriz, Periko Alonso, Uria, Xanti Bakero, Juan Antonio Larrañaga, Lopez Ufarte eta bertze zenbait jokalari gazteagoak ari zirela. Gero, Gure Txokoako beterano gaztexeagoak sartu zirenean, zerbait berdindu zen jokoa, baina aukera batzuk izan arren, ez zuten golik lortu. Lehenbiziko partidutxo hori 4 eta 0ko markagailuarekin akautu zen. Bigarren zatirako Osasunako jokalariak agertu ziren eta berriz ere elkarrekin argazki batzuk ateratzeko aprobetxatu zuten. Beharbada Osasunak ez zituen Errealak bezain jokalari ezagunak ekarri baina hantxe zeuden Enrique Martin, Jon Andoni Goikoetxea, Kike Eneriz eta bertze… Gure Txokoa eta Osasunaren arteko partida jokatu zen orduan. Osasunakoek ere abudo sartu zioten lehen gola Gure Txokoari, baina partida berdinduagoa izan zen. Halere, bertze hiru gol egin zuen Iruñeko taldeak eta 4 eta 0 irabazi zion Gure Txokoari. Azkeneko partidarako gelditu zen Errela eta Osasunaren arteko norgehiagoka. Hemen konpetibitate handia izan zen, garai bateko norgehiagokak gogoan hartuta. Banako berdinketarekin akautu zen partida, baina ez zuten txapelduna erabakitzeko penaltirik bota nahi izan. Beraz, ez zen txapeldunik eta galtzailerik izan. Genaro Zelaieta gogoan, denak irabazle izan ziren. Gero, omenaldian parte hartu zuten futbolariek berendua izan zuten Gure Txokoa elkartean.