Euskadiko 23 urtez beheitiko txapelketa irabazi du Joseba Larraldek

Aitor AROTZENA 2008ko ekainaren 16a

Euskadiko errepideko txapelketa irabazi du Joseba Larraldek. TTIPI TTAPA

Bidelan Kirolgi taldeko txirrindulari beratarrak afizionatu mailako lehen garaipena lortu zuen

Joseba Larralde txirrindulari beratarrak afizionatu mailako bere lehen garaipenaren bila zebilen aspaldian. Nafarroako 23 urtez beheitiko txapelketa irabazi zuen maiatzean, baina lasterketa hartan bigarren izan zen. Bidasoako Itzulian ere saiatu zen, eta sari gisara, lehendabiziko euskaldunaren saria lortu zuen. Baina karrera bat irabaztea falta zitzaion. Horixe lortu zuen larunbatean. Eta ez zen nolanahiko garaipena izan: Euskadiko elite eta 23 urtez beheitiko txapelketa erabakitzen zuel lasterketa irabazi baitzuen.

Garateko igoerak erabakigarri

Laudion jokatu zen txapelketa, Pedruzo Memoriala. Bidelan Kirolgi taldeko txirrindulari beratarrak bere sasoi punttu bikaina erakutsi zuen, bakar-bakarrik ailegatu baitzen helmugara. Bortz aldiz igo behar izan zuten txirrindulariek Garateko kaxkoa eta laugarren igoeran hasi zen lasterketa Joseba Larralderen alde erabakitzen. Beratarrak erasoa jo zuen eta Baqué taldeko Egoitz Murgoitiok bakarrik erantzun zuen. Elkarlanean minutu bateko aldea atera zioten jarraitzaileei. Beraz, jokoan zeuden bi maillotak erabakiak zeuden: 23 urtez beheitikoa Larralderentzat eta elite mailakoa Murgoitiorentzat. Baina Joseba Larraldek zerbait gehiago nahi zuen eta Garateko azken igoeran erasoa jo zuen. Honela, azkenean, 44 segunduko aldea atera zion helmugan Murgoitiori. Minutu eta 13 segundura, Seguros Bilbao taldeko Egoitz Garcia buru zuen bertze taldetxo bat ailegatu zen. Minutu eta 51 segundura ailegatu zen hurrengo taldetxoaren buru, Lizarte taldeko Garikoitz Atxa almandoztarra sartu zen. Bederatzigarren izan zen baztandarra sailkapen orokorrean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun