Arantza, Baztan eta Sararen ondotik Lesakak hartuko du lekukoa. Lesakako Beti Gazte Elkarteak antolatuta, igande honetan, ekainak 15, eginen da Lesakako Mendi Itzuliaren bederatzigarren edizioa. Bertze aldietan bezala, bi ibilbide izanen dituzte aukeran mendizaleek: luzea —33 kilometrokoa eta 1.700 desnibela— eta laburragoa —25 kilometro eta 1.100 metroko desnibela—.
Ibilbidea
Plazatik abiatuta, pasatuko diren tontorrak hauek izanen dira: Piperla (705m), Bindago (783m), Galtzarrieta (824m), Bianditz (844m), Errenga (787m). Behin Domikoko presa ttikira ailegatuta, ibilbide luzea edo motza aukeratu beharko da. Laburra hautatzen dutenak Domikoko presa ttikitik Goiko Iragara zuzenean joanen dira bi kilometroko bidea eginez. Luzearen aldeko apostua egiten dutenek, berriz, Kopa (594m) eta Aginako (618m) tontorrak zanpatuko dituzte. Hortik herrira jaitsiko dira mendizaleak.
Irteera 7ak eta 7:30ak artean
Mendi Itzulia goizeko 7ak eta 7:30ak artean abiatuko da Lesakako plazatik, eta ibilbidean barna jan eta edateko postuak izanen dira. Izen ematea goizeko 6:45etik 7:30era egin behar dira Plaza Zaharrean, 8 euro ordainduz. Beti Gazteko bazkideek 8 euro ordaindu beharko dituzte.