Altzateko bestak ospatuko dira asteburu honetan

TTIPI TTAPA 2008ko ekainaren 11

Ortziraletik igandera hainbat ekitaldi izanen dira

Ortziral honetan, ekainak 13, arratsaldeko 20:30ean botako den altxaferoarekin hasiko dira aurtengo Altzateko bestak, Beran. Igandera bitarte hainbat ekitaldi izanen dira haur, gazte zein helduentzat: kontzertuak, dantzak, suzko zezenak, kalejirak, plater-tiroketa, zozketak, bazkariak zein afariak... Ortziral arratsaldeko txupinazoaren ondotik pintxo poteoa izanen da eta gaueko 22:00etatik aitzinera, kontzertuak, opariak eta edari bestak.

Larunbatean zikiro-jatea

Larunbatean, ekainaren 14an, eguerdiko 12:00etan kalejira izanen da. Eguerdiko ordubietako auzo bazkarian zikiroa izanen dute jateko. Arratsaldeko 19:30ean dantzak izanen dira Altzateko plazan eta gaueko 23:30ean suzko zezena. Gaueko 23:00etatik goizaldeko 3:00etara kontzertuak eta DJ Zurtaia izanen dira Altzateko Plazan.

Akautzeko auzo afaria

Igandean, ekainaren 15ean, goizeko 9:30ean haur jokoak izanen dira Ehizi eta Arrantza Elkartean. 10:00etan plater tiraketa txapelketa izanen da eta 11:00etan Meza. Eguerdiko 13:00an txistulariak karriketan barna ibiliko dira. Arratsaldeko 17:00etan zozketa eginen da eta arratseko 21:00etan, bestak akautzeko, auzo afaria. Besta guziak alaitzen Izadi txaranga ariko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun