Miguel Angel Jimenez errioxarra nagusitu zen Berako Moto Trialean

TTIPI TTAPA 2008ko ekainaren 10a

60 moto gidarik hartu zuen parte

Berako Zig Zag elkarteak bigarren urtez antolatutako Moto Trial proba egin zen larunbatean, ekainaren 7an, Ibardinen. Iaz bezalatsu, 60 bat moto gidarik parte hartu zuen proba honetan. Baia iazkoa baino gogorragoa izan zen aurtengoa. Izan ere, iaz Nafarroako txapelketarako baliagarria zen proba hau, baina aurten Espainiako Iparraldeko sektoreko txapelketarako baliagarria izan da. Honela, Nafarroa eta Euskal Herriko bertze herrialdetako moto gidariekin batera, Kantabria, Asturias, Errioxa eta Aragoikoak ere izan dira Beran.

Euriarengatik bi zona guttiago

Hasieran, bederatzi zona ezberdin egokituak zeuden Ibardinen, baina euriaren ondorioz, horietatik bi ezin zitezkeen erabili eta beraz, zazpi zonatan aritu ziren lanean moto pilotoak. Bakoitzean lau maila ezberdin izan zituzten, moto gidarien trebetasunaren eta adinaren arabera.

Lau kategorietako irabazleak

Txapelketa gogorra izan zen. Senior kategorian, Errioxako Miguel Angel Jimenez nagusitu zen. Junior kategorian, Xuban Iragorri oiartzuarra gailendu zen, beteranoetan Urruñako Stephane Suzanne eta hasi berrien kategorian, Philipe Garbisu saratarra.

Jende ausarki

Jendeak ederki erantzun zuen eta zona guzietan hainbat ikusle izan ziren. Zoritxarrez, anbulantziak ere lan egin behar izan zuen eta bi piloto eraman behar izan zituzten, istripu eta erorikoen ondorioz. Halere, ez zen zauritu larririk izan. Probaren ondotik, berendua eskainiko zuten antolatzaileek eta irabazleak, Miguel Angel Jimenezek erakustaldia ere egin zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun