Dependentzia duten pertsonei arreta zerbitzuak eskaintzeko enplegu tailerra egiten ari da aurten Lesakan. Tailer honen inaugurazio ekitaldian izan da astearte goizean Jose Maria Roig Aldasoro, Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Lan kontseilaria. Berekin batera, Deñe Abuin zinegotziak, Luis Garate Cederna-Garalur elkarteko presidenteak eta Marian Serrano zuzendariak eman dute tailerraren berri.
149.000 euroko dirulaguntza
Cederna-Garalur elkarteak bultzatu duen tailer honek Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren 149.000 euroko dirulaguntza izanen du, baita Europako Gizarte Fondoarena eta Lesaka, Bera, Doneztebe eta Baztango udalena ere. Tailer honetan, 25 urtez goitiko 15 langabe prestatzen ari dira, guziak emakumeak. Geriatria laguntzaile eta etxez etxeko laguntza espezialitateak ematen ari dira. Enplegu tailer hauek prestakuntzarako eta lanerako programa mistoak dira, 25 urte edo gehiago dituzten langabeek lan merkatuan sartu ahal izateko erraztasunak eman nahi dituztenak.
900 orduko ikastaroa
Tailerreko hezkuntza programari dagokionez, azaroa bitarte eginen da. Atal batean formakuntza teknikoa eskainiko da eta bertzean formakuntza osagarria, 900 ordu guzira. Formakuntza teknikoaren barrenean, asistentzia kasuen planifikazioa, garapena eta segimendua; nutrizioa, dietética eta elikadura; higiene eta segurtasun pertsonala; etxebizitzaren garbiketa eta zainketa; prebentzio eta atentzio sozio-sanitarioa; giza baliabideak eta integrazioa; kudeaketa eta oinarrizko administrazio teknikak eta euskarriak; baliabide materiales antolaketa; geriatriako oinarrizko zainketak; adinekoen atentzio espezializatua eta Alzheimer edo eritasun psikikoak duten erien tratamentua emanen dira. Formakuntza osagarri moduloei dagokienez, lanaren bilaketa aktiboa; enplegurako giza abilidadeak; aukera berdintasuna; janari manipulatzaile karneta, lan arriskuen prebentzioa eta informatika emanen dira.
%80a lanean hasteko helburua
Ikastaro hauetan izen eman duten emakumeen %80ª lan munduan txertatzea da helburu nagusia.