Bi orduko lan uzteak egin dituzte Berako Composites Gurea lantegian

TTIPI TTAPA 2008ko ekainaren 12a

Lau langileren kanporatzea salatu du Enpresa Batzordeak

Berako Composites Gurea lantegiko enpresa batzordeak lau langileren kaleratzea eta bertze seiren lekualdatzea salatu du asteartean, ekainaren 10ean. Langileak bi orduko lan uztera deituak zeuden, goizeko 12etatik 14:00etara goizeko txandakoak eta 14:00etatik 16:00etara arratsaldeko txandakoak. Horretaz gainera, eguerdiko 12:30ean kontzentrazioa egin dute lantegi aitzinean. Gaur egun 70 bat langile ditu Composites Gurea lantegiak eta Enpresa Batzordean 3 ordezkari ditu ELAk eta bi LABek.

Zerrenda luze baten hasiera?

Sindikatuek diotenez, nahiz eta azken urteotan enpresak irabazi garrantzitsuak lortu, “bidegabeko lau kanporatze egin dituzte eta bertze sei lankide lantegitik 60 kilometro baino gehiagora dagoen Gipuzkoako bertze lantoki batera lekualdatu dituzte”. Enpresa Batzordeak bere kezka ere azaldu nahi izan du, kanporatze indibidual hauek zerrenda luze baten hasiera bakarrik izan daitezkeelako. Hala, Enplegua Erregulatzeko Espedientea aurkeztea saihestu dute, eta gainera, lan-agintaritzak onartuko ote lukeen zalantza du LABek.

«Langileei mendeku»

Azken bi urteotan langileak hainbat borroka egin dituzte Composites Gurea lantegian eta kontratuen prekarizazio osoa desagertaraztea lortu da, eta PRL legea martxan paratu eta garatzea. %10eko igoera eragin zuen akordio ekonomikoa ere lortu zuten langileek eta 15 egunez enpresa geldiarazi zuen mugagabeko greba ere egin zuten. Horregatik, LABen ustez, une honetan enpresak galerarik ez duen arren, langileak kanporatzea erabaki du “langileei mendeku eginez eta kendu genizkien botere kotak berreskuratzeko”.

Elkartasuna

Composites Gureako Enpresa Batzordeak bere elkartasuna adierazi die, bai Composites-eko langile kanporatuei, eta bai lantegiak itxiz eta langileak kanporatuz gu bezala sufritzen ari direnei ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun