Igantziko Herriko Etxe berria inauguratu zuten larunbatean, ekainaren 7an. Horretarako, Eskolzar moldatu dute, garai bateko eskola eta berrikiako Nafarroako Aurrezki Kutxaren bulegoa hartzen zuen etxea. Inaugurazio ekitaldian, Iñaki Goienetxe herriko alkatea, gaur egungo eta aitzineko legealdiko hautetsiak eta udal langileak izan ziren, baita Bortzirietako hautetsiak eta Amelia Salanueva, Nafarroako Gobernuko Toko Administrazio kontseilaria ere. Lehenik, udaletxe zaharretik herriko bandera jautsi zuten eta banderaren dantza egin zuen Roberto Txoperenak. Segidan, Igantziko abesbatzak hiru kantu eskaini zituen eta aurreskua dantaztu zuten herriko 34 dantzarik. Iñaki Goienetxe alkateak Eskolzar etxearen historia ttiki bat egin zuen eta eskerrak eman zizkien lanak gauzatzea posible egin duten guziei. Martin Legarra apezak bedeinkazio eman zion Herriko Etxe berriari eta zinta moztu ondotik, eraikina ikusi zuten bertaratuek.
225.825 euroko aurrekontua
Lan honetarako inbertsioaren aurrekontua 225.825 eurokoa zen eta Toki Administrazio Departamentuak 106.720 euroko laguntza eman zuen. XVII. Mendeko eraikina Herriko Etxearen da, baina Principe de Viana erakundearen babespean dago. Lekuona Arkitektura enpresaren proiektuaren arabera, zurezko egitura moldatzeaz gain, aitzinaldea ere egokitu da eta elektrizitatea, saneamendua, berogailua eta igogailua paratu dira. Guzira 257,91 metro koadro erabilgarri izanen ditu Igantziko Herriko Etxe berriak, 84,55 metro beheitiko solairuan, 91,02 metro lehenbizikoan eta 82,34 metro bigarren solairuan. Lesakako Sarobe Anaiak eraikuntza enpresak egin ditu lanak.
Agertxeberri-Bordaberri bidearen zolaberritzea
Bertze aldetik, Azpiegitura Planaren barrenean Agertxeberri-Bordaberri bidearen zolaberritze lanak ere egin dira Iantzin. 130.257 euroan eman ziren lanak eta Toki Administrazioaren dirulaguntza 4.090 eurokoa izan da. Proiektu honek Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuaren laguntza ere izan zuen, aurrekontu osoaren %60a. Lan hauek Sasoi Eskabazioak enpresak egin ditu.
Berrizaunera ura eramatea
Igantzitik Berrizaunera ura eramateko lanak ere Azpiegitura planaren barrenean sartu ditu Toki Administrazio Departamentuak. Aurrikusitako inbertsioa 103.681 eurokoa da eta Toki Administrazio Departamentuak 71.504 euroko laguntza onartu du. Igantziko ur deposito berritik hornidura-tuboa eramanen da Berrizaungo depositoetako batera. Modu berean, Igantziko Herriko Etxeak Berrizaungo ur hornidura,sareen berrikuntza eta deposito berriaren eraikuntza lanak lehenbailehen onartzea eta egitea eskatu zion Toki Administrazio Departamentuari. Ur-hornidura sareak 104.500 euroko aurrekontua izanen luke eta 102 metro kubiko izanen lukeen deposito berriaren proiektuak 246.574 eurokoa. Toki Administrazioko ordezkariek lanen premia ikusi zuten, Berrizaunen ez baitago ur-banaketa sare bateraturik, ezta uren tratamendurik ere. Igantziko depositotik ura ekartzean, tratamendua hobetuko da, baina deposito bakarra egin beharko da eta bizilagun guziei zerbitzu bateratua eskaintzeko banaketa sarea egin beharko dira Berrizaunen.