«Guttienez galduak zeuden 100 bat toki izen berreskuratu dira mapan»

TTIPI TTAPA 2008ko eka. 6a, 17:34
TTIPI TTAPA

Kirru SAROBE eta Oskar TXOPEREN

• Igantziko Euskara Batzordearen ekimenez, herriko bide, inguru eta etxeen izenak biltzen dituen mapa egin dute Kirru Sarobe lesakarrak eta Oskar Txoperena igantziarrak.
• Joan den urteko apirilean egindako bigarren eskuko produktuen azokan eta Nafarroako Kutxaren zeuk aukeratu, zeuk erabaki proiektuaren bitartez lortutako diruarekin finantzatu dute mapa.
• 1.000 ale kaleratu dituzte, eta egileek kontatu digutenez, «gaur egungo jendeak ezagutzen ez dituen izen aunitz ageri dira mapan».

Nolatan hasi zineten mapa egiten?

KIRRU SAROBE: Nik gisako lan bat egina nuen Basaburuan, eta orain dela urte batzuk Lesakara etorri nintzenean bizitzera, inguru honetan halako zerbait egitea otu zitzaidan. Han eta hemen solasean, Oskar topatu nuen eta orduan hasi ginen hitz egiten.
OSKAR TXOPERENA: Udal artxiboetan eta parrokiakoetan bilatuz dokumentazioa bildua nuen, eta toponimo guztiak datu base batean sartuak nituen. Hortik abiatuta, halako zerbait egiteko gogoa nuen eta Kirrurekin elkarlanean dokumentazio hori egokitu dugu.

Garai batean txoko guztiei izena paratzen zitzaien...

OSKAR TXOPERENA: Lehengo herritarrek lotura haundiagoa zuten naturarekin, eta mendian hainbertze ibiltzen zirenez, txoko bakoitzari izena paratzen zioten. Lehenago hor zeuden eta aspaldian galduak ziren izen aunitz topatu ditut, jendeak ezagutuko ez dituenak. Erraterako, Berrizaun gainean, Arrokorriaga ageri da mapan eta hori ez du inork ezagutzen orain. Guttienez galduak zeuden 100 bat izen berreskuratu dira mapan.

Eta erabat aldatutako izenik bai?

OSKAR TXOPERENA: Toponimiaren ikerketa on baten ondorioa hori da azken batean. Dokumentazioa bilatu eta gaur egun zentzurik ez duen izen batetik abiatuz poliki-poliki gibelera joan eta hasierako izena topatzea. Basajaun-Elutsari, erraterako, orain Basallusko erreka deitzen zaio. Eta hori adituta ez luke inork pentsatuko hasiera izena zein zen.

Nola egin duzue lana?

KIRRU SAROBE: Nahiko ongi moldatu gara, lana bien artean banatuta. Oskarrek Igantzi ongi ezagutzen zuen, eta bere zalantzekin niri lagundu egiten zidan bila genbiltzana non egoten ahal zen aurkitzen. Mugarrien kasuan, adibidez, dokumentuetan bagenekin non zeuden eta banaka-banaka fisikoki non dauden bilatzen saiatu eta gehienak aurkitu ditut. Nire lana, alde batetik, mendian ikerketa lana egitea izan da eta gero guztia paperean argi uztea. Zortzi bat hilabete dedikatu dizkiot mapari. Oskarrek, berriz, aunitzez ere gehiago. 10 urtetan izenei buruzko ikerketa egiten egon da. Toponimia bilduz lan aunitz egina zuen, eta etxeen argazkiak ere eginak zituen. Etxe berriak ere ageri dira, baina izenak paratzerako orduan... OSKAR TXOPERENA: Aunitzetan behintzat ez da lehengo ohitura mantendu. Orain paratzen diren aunitz behinik behin sinpleak eta erranahi haundirik gabekoak dira. Lehenago pertsona baten izena erabiltzen zen, eta ondotik -enea edo -baita atzizkia erabiltzen zen. Dena den, gaur egun inguruarekin zerikusia dutenak ere badira, baina ez lehenagokoak bezain politak.

Lan luze baten emaitzak zer sentsazio utzi du?
OSKAR TXOPERENA: Halako lanek azken aldera sentsazio nahiko itogarria ematen dute, baina nik uste dut ondotik gelditzen denak merezi duela. Herrian halako gauza bat uztea opari polita dela uste dut eta alde horretatik hagitz gustura nago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun