Lesakako IX. Mendi Itzulia eginen da igande honetan

TTIPI TTAPA 2008ko ekainaren 6a

TTIPI TTAPA

Mendizaleek ibilbide luzea eta laburragoa izanen dituzte aukeran

Arantza, Baztan eta Sararen ondotik Lesakak hartuko du lekukoa. Lesakako Beti Gazte Elkarteak antolatuta, igande honetan, ekainak 15, eginen da Lesakako Mendi Itzuliaren bederatzigarren edizioa. Bertze aldietan bezala, bi ibilbide izanen dituzte aukeran mendizaleek: luzea —33 kilometrokoa eta 1.700 desnibela— eta laburragoa —25 kilometro eta 1.100 metroko desnibela—.

Plazatik abiatuta, pasatuko diren tontorrak hauek izanen dira: Piperla (705m), Bindago (783m), Galtzarrieta (824m), Bianditz (844m), Errenga (787m). Behin Domikoko presa ttikira ailegatuta, ibilbide luzea edo motza aukeratu beharko da. Laburra hautatzen dutenak Domikoko presa ttikitik Goiko Iragara zuzenean joanen dira bi kilometroko bidea eginez. Luzearen aldeko apostua egiten dutenek, berriz, Kopa (594m) eta Aginako (618m) tontorrak zapalduko dituzte. Hortik herrira jaitsiko dira mendizaleak.

Mendi Itzulia goizeko 7etan abiatuko da Lesakako plazatik, eta ibilbidean barna jan eta edateko postuak izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun