Landazelaietan zentro komertzialik ez egitea eta Herriko Etxeari eskura duen informazio osoa eman dezan eskatuz herri plataforma osatu zen maiatzaren 30ean. Lesakako Zerbitzuen Elkartearen ekimena izan da plataforma hau osatzea. Maiatzaren 28an egindako agerraldian, gai honen inguruan herritarrak mugitzeko premia azpimarratu zuten. Merkatariek bere jarrera berriro planteatzea eskatu diote Udalari eta tertziarioa etxebizitza azpietan ezartzea.
Honela, dendari, ostalari eta bertzelako komertzianteekin batera, hainbat herritar azaldu zen Kasinora. Baztan, Doneztebe eta Berako merkatarien ordezkariak ere izan ziren, eskualde osoari eraginen bailioke Landazelaietan 3.000 metro koadroko zentro komertziala jartzeak.
Plataformaren eskaria garbia da: zentro komertzialik ez egitea eta dagoen informazioa plataformaren eta orokorrean, herritarren eskura jartzea.Plataforman lan egin nahi duenak, batzordea osatuz edo bertzelako lanak eginez, Jabier Oronoz, Zerbitzuen Elkarteko idazkariarengana jo dezake.
PNVk plenoa egitea eskatu du
PNVko udal taldearen ustez, berriz, herriko arazo nagusia etxebizitza eskasia da eta horrek soluzioa behar du: «Ezin da herriko sektore baten interesak herritarren interes orokorren gainetik paratu. Hori gertatuko balitz, norbaitek dimisioa eman beharko luke».
Oninek egindako proposamenak ez ditu begi onez ikusten PNVk:
«Etxebizitza libreak eta babes ofizialekoak nahastea hagitz zaila da teknikoki eta juririkoki bideraezina». Gainera, komertzioa etxebizitzen beheitiko aldean jartzearen guziz kontra dago PNV, «horrek etxebizitzei altuera bat gehiago ematea suposatzen badu. Hori barkaezina litzateke Lesakan». Proiektuaz erabakitzeko plenoa lehenbailehen egitea nahi du PNVk.
PNVren idatziari erantzunez, EAk ere berea karrikaratu du. EAren ustez, urte hasieran onartu den Uraren Legeak aunitz baldintzatzen du proiektua eta lehen baino hagitzez eremu estuagoan egin beharko lirateke 340 etxebizitzak. Horregatik, lehendik onartu zen 230 etxebizitzen planera itzultzea proposatu du, altuera guttiagoko pisuekin eta tarte handiagoekin. Komertzioak dibertsifikatzea ere proposatu du EAk.