Agerrako bizilagunek ez dute brea laberik nahi etxe atarian

TTIPI TTAPA 2008ko ekainaren 6a

TTIPI TTAPA

Maiatzaren 31n agerraldia egin zuten proiektuari buruzko kezka azalduz

Brea labea ez etxe atarian lelopean agerraldia egin zuten Agerra auzoko bizilagunek maiatzaren 31n, Alkaiagako harrobian egin gogo den brea labearen kontra. Agerra eta Alkaiagako bizilagunak haserre daude, ez zaielako lekurik egokiena iruditzen brea labe bat jartzeko, lehenbiziko etxea 100 metrora, Agerra auzoa 400 metrora eta Berako herri osoa 1,5 kilometroren barrenean duela. Bertzeak bertze, Kantabrian eta Asturiasen epaitegiek halako labeak debekatu dituztela aipatu zuten.
Lehen ere Alkaiagako harrobian probisionalki gisako planta izan zela gogoratu zuten eta «berriz ere interes ekonomikoak pertsonen osasunaren gainetik» jarri diren galdetu zuten. Gainera, halako jarduerak etxeetatik 2.000 metro baino guttiagora ezin direla paratu erran zuten. Igantziko Bentatan ere plantaren kontrako iritzia eman zuen Ingurumenak herrigunetik hurbil izateagatik.
Alkaiagako zulo horren azpian erreka doa, eta erreka hori ez da geroztik desagertu. Gainera, euria egiten duenean, ura pilatzen da: «Brea planta egonen den zuloan biltzen den ur zikin hori nora botako dute? Ondoko errekatxo batera eta handik zuzenean Bidasora, Izokin haztegira». Bide berderako ere kaltegarria dela uste dute, kamioiak bertatik pasatu beharko dutelako.
Lesakako Udalaren eta orokorrean administrazioaren jarrerarekin ere haserre daude. «Hau bera Lesakako landazelaietan jarriko balute, zer?». Planta bat tramitatu eta bertze bat desberdina eta handiagoa ezarri asmo dutela ere salatu zuten: «Planta berria bada, espediente eta tramitazio berria eskatzen du. Non dago Lesakako Udala?».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun