Landazelaietako hirigintza hitzarmena hizpide dugu azken hilabeteetan Lesakan. Lehenik, Oninek bere proposamenaren berri eman zuen, Zerbitzuen Elkarteak ere bere iritzia eman zuen eta plataforma bat osatu zen, bertan zentro komertzialik ez egitea eta udalari informazioa eskatuz eta PNVk ere bere iritzia eman du.
PNV: “Lesakako etxebizitza eskasiak soluzioa behar du lehenbailehen”
PNVko udal taldearen ustez, berriz, herriko arazo nagusia etxebizitza eskasia da eta horrek soluzioa behar du. «Ezin da herriko sektore baten interesak herritarren interes orokorren gainetik paratu. Hori gertatuko balitz, norbaitek dimisioa eman beharko luke. Juan Fermin Mitxelena PNVko zinegotziak aipatu digunez, “bien bitartean, Lesakako gazteak etxebizitza bat lortu ezinik dabiltza”. Oninek egindako proposamenak ez ditu begi onez ikusten PNVk: “Etxebizitza libreak eta babes ofizialekoak nahastea hagitz zaila da teknikoki eta juririkoki bidera ezina”. Gainera, komertzioa etxebizitzen beheitiko aldean jartzearen guziz kontra dago PNV, «horrek etxebizitzei altuera bat gehiago ematea suposatzen badu. Hori barkaezina litzateke Lesakan». Promotoreak Herriko Etxearekin egindako hitzarmenaren arabera, 340 etxebizitzen truke, herriarentzat milioi terdi euro eta 43 etxebizitza geldituko lirateke. Hitzarmen horri, udal batzarraren onarpena bakar bakarrik falta zio eta horregatik, “proiektuaz erabakitzeko plenoa lehenbailehen” egitea nahi du PNVk.
EA: “Ez ditugu 20 metroko blokeak nahi eta ongi aztertu behar dira gauzak”
EAJ-PNVren idatziari eta adierazpenei erantzunez, Eusko Alkartasunak ere bere idatzia karrikaratu du. EAren ustez, urte hasieran onartu den Uren Legeak aunitz baldintzatzen du proiektua eta lehen baino hagitzez eremu estuagoan egin beharko lirateke 340 etxebizitzak. Koldo Erkizia alkateak aipatu digunez, horrek 20 metro luzerako blokeak suposatuko lituzke, bajua, lau solairu eta atikoa, blokeen arteko espazio ttikiekin eta inpaktu handia eraginen lukeena”. Horregatik, lehendik onartu zen 230 etxebizitzen planera itzultzea proposatu du, altuera guttiagoko pisuekin eta tarte handiagoekin. Komertzioak dibertsifikatzea ere proposatu du EAk, Oninek eta Zerbitzuen Elkarteak egindako planteamenduekin bat eginez. Alkatetzatik lanean segitzen dutela aipatu du Koldo Erkiziak, komertzianteekin bildu ziren joan den astean eta duten informazioa eman diete. Garbi utzi nahi izan du Herriko Etxeak ez duela idatzizko inongo konpromisorik hasiera batean onartu eta gero anulatu zen Plan Partzialaren inguruan. Gaia plenoan noiz aztertuko den galdetuta, proiektuak ongi aztertu eta erabaki sendo bat hartu ondotik eginen dela erantzun du Koldo Erkizia alkateak.