Baztan- Bidasoako Aralarrek eskualdean merkataritza guneak zabaltzeko sukarra kritikatu du, eta hirigintza arloan herriguneak eta betiko merkataritza sustatzeko lehentasuna agertu nahi du.
Baztan-Bidasoa eskualdean denen ahotan dabiltza merkataritza guneak jartzeko egitasmoak. Berako Zalain eta Agerra auzoetan, Lesakako Landazelaietan eta Donezteben merkataritza guneak zabaltzeko mugimenduak egin dituzte hainbat promotorek. Horren aitzinean, Baztan-Bidasoako Aralarrek bere kezka agertu nahi du, bereziki zenbait udal agintarik orain arte gai honekiko erakutsi duten indefinizioa edota aldeko jarrera dela eta.
Joan zen legegintzaldian, Berako Udalak Zalain industrialdean merkataritza gune handirik ez paratzeko neurriak hartu zituen. Geroztik, Agerra auzoan gisa bereko merkataritza guneren bat irekitzeko asmoa agertu du promotore pribaturen batek.
Orain baino lehen ere, Donezteben eta Bertizaranan gisako asmoa sumatu dugu; eta azkena, aldiz, egunotan Lesakako Landazelaietan. 3.000 metro koadroko merkataritza gunea eraikitzeko bidea emanen lukeen plangintza onartzekotan da, orain arte kontrako jarrera Onin taldeak bakarrik erakutsi baitu.
Lesakako auzia, gainera, larria da guziz. Promotorearen nahietara egokitutako plana diseinatzen ari dira, etxebizitza kopurua nabarmen handituta, eta Ur Konfederazioak paratutako baldintzen ondorioz eta errentagarritasun ekonomikoa bilatzeko, merkataritza gune bat paratzeko asmoa agertu dute.
Aralar merkataritza gune handien kontra dago, eta gure herrietan bertako dendak eta herriguneak babesteko beharra nabarmendu nahi du.
Hirigintza parametro ekonomiko soilen arabera gauzatzen da udaletan, eta horri kritika egin, eta helburu sozialak lehenestea eskatzen du Baztan-Bidasoako Aralarrek.
Ikusi dugu inguruko hiri handi denetan merkataritza guneen zabalkundeak eragin duen kaltea betiko denda ttikiengan. Gure eskualdean, denda ttiki horiek dira herriei bizitza ematen laguntzen diotenak, gure herrien nortasuna mantentzen laguntzen dutenak. Zein herri eredu nahi dugun agerian uzten du merkataritzak. Autoa erabiltzera derrigortzen diguten merkataritza guneak, lan prekarietatea nagusi dutenak, eta sortzen dituzten lanpostuak baino gehiago desegiten dutenak. Kontsumo eredu jakin batzuk ezarri nahi dizkigute, eta kanpotik dirua egitera etorritako enpresa batzuen kontura gure herriak hil.
Herriko betiko merkataritza babestu, indartu eta lagundu behar dela uste dugu, eta horretarako, ezinbertzekoa da udal agintariek neurri zorrotzak hartzea hirigintza planetan, herriko merkatarien kontrako neurriak saihestuz.
Inoiz baino garrantzitsuagoa da arlo honetako irizpideak ezartzea udal planetan, behar diren neurriak hartuz. Eskualdean, gainera, hainbat merkataritza elkarte sortu dira azken urteotan. Horiekin elkarlanean aritzeko aukera ezin hobea dugu, udal agintari eta merkatarien artean herriguneak eraberritu eta bizitzeko beharrezko neurriak hartzeko gaitasuna behar dugu.
Baztan-Bidasoako Aralar