Composites Gureako LABen oharra

TTIPI TTAPA 2008ko ekainaren 6a

Composites Gurea S.A.ko LAB sindikatuak enpresak egin dituen kaleratzeak salatu nahi ditu. Bertze behin, enpresaburuek euren irabazien alde eginez, langileak baztertu nahi izan dituzte. Kasu honetan, nahiz eta azken urteotan irabazi garrantzitsuak lortu, bidegabeko lau kanporatze egin dituzte eta bertze sei lankide gure lantegitik 60 kilometro baino gehiagora dagoen bertze lantoki batera lekualdatu dituzte. Aipatu irabazi horiek eraikuntzari lotutako egurraren sektorea oparoaldirik onenean zegoenean prekarietatea sortu zuten ETT bidezko kontratazio masiboekin, lan arriskuak prebenitzeko ez zen inbertsiorik egin eta lortutako aberastasunaren banaketa justua egiten ez zuten hitzarmen kolektiboak paratu ziren indarrean.
Horrez gain, aunitzetan salatu dugun bezala, 2005ean enpresak lan karga taldeko bertze enpresa batera (Madme) lekualdatu zuen, Gipuzkoara, arrazoi teknikoengatik izan zela argudiatuz. Hori dena, Beran inbertitu eta lana hemen utzi beharrean. Eta orain langileak harat bidali nahi dituzte lana honat ekarri ordez.
Gure kezka ere azaldu nahi dugu kanporatze indibidual hauek zerrenda luze baten hasiera bakarrik izan daitezkeelako. Hala, Enplegua Erregulatzeko Espedientea aurkeztea saihestu dute, eta gainera, lan-agintaritzak onartuko ote lukeen zalantza dugu.
Azken bi urteotan langileok hainbat borroka egin ditugu eta kontratuen prekarizazio osoa desagertaraztea lortu dugu, eta PRL legea martxan paratu eta garatzea. %10eko igoera eragin zuen akordio ekonomikoa ere lortu genuen eta 15 egunez enpresa geldiarazi zuen mugagabeko greba ere egin genuen. Horregatik uste dugu une honetan enpresak galerarik ez duen arren, langileak kanporatzea erabaki duela langileei mendeku eginez eta kendu geniezkien botere kotak berreskuratzeko.
Gure elkartasuna adierazi nahi diegu, bai Composites-eko langile kanporatuei, eta bai lantegiak itxiz eta langileak kanporatuz gu bezala sufritzen ari direnei ere. Euren politika neoliberalek sortutako krisiaren eragina langileak sufritzearekin aski da.

Composites Gureako LAB sindikatua

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun