Berako Composites Gurea lantegiko LAB sindikatuak enpresak egin dituen kaleratzeak salatu ditu ohar baten bidez. Kasu honetan, LABek dioenez, nahiz eta azken urteotan irabazi garrantzitsuak lortu, “bidegabeko lau kanporatze egin dituzte eta bertze sei lankide gure lantegitik 60 kilometro baino gehiagora dagoen bertze lantoki batera lekualdatu dituzte”. Aipatu irabazi horiek eraikuntzari lotutako egurraren sektorea oparoaldirik onenean zegoenean lortu zuen enpresak LABen ustez, “prekarietatea sortu zuten ETT bidezko kontratazio masiboekin, lan arriskuak prebenitzeko ez zen inbertsiorik egin eta lortutako aberastasunaren banaketa justua egiten ez zuten hitzarmen kolektiboak paratu ziren indarrean”.
«Gipuzkoan inbertitu eta orain langileak Gipuzkoara bidali»
Horrez gain, aunitzetan LABek salatu duenez, 2005ean enpresak lan karga taldeko bertze enpresa batera lekualdatu zuen, Gipuzkoara, arrazoi teknikoengatik izan zela argudiatuz. Hori dena, Beran inbertitu ordez eta lana hemen utzi beharrean. Eta orain langileak harat bidali nahi dituzte lana honat ekarri beharrean.
Zerrenda luze baten hasiera?
LABek bere kezka ere azaldu nahi izan du, kanporatze indibidual hauek zerrenda luze baten hasiera bakarrik izan daitezkeelako. Hala, Enplegua Erregulatzeko Espedientea aurkeztea saihestu dute, eta gainera, lan-agintaritzak onartuko ote lukeen zalantza du LABek.
Langileei mendekua
Azken bi urteotan langileak hainbat borroka egin dituzte Composites Gurea lantegian eta kontratuen prekarizazio osoa desagertaraztea lortu da, eta PRL legea martxan paratu eta garatzea. %10eko igoera eragin zuen akordio ekonomikoa ere lortu zuten langileek eta 15 egunez enpresa geldiarazi zuen mugagabeko greba ere egin zuten. Horregatik, LABen ustez, une honetan enpresak galerarik ez duen arren, langileak kanporatzea erabaki du “langileei mendeku eginez eta kendu geniezkien botere kotak berreskuratzeko”. LABek bere elkartasuna adierazi die, bai Composites-eko langile kanporatuei, eta bai lantegiak itxiz eta langileak kanporatuz gu bezala sufritzen ari direnei ere.