Zentro komertzialaren kontrako plataforma osatu da Lesakan

TTIPI TTAPA 2008ko ekainaren 3a

Zerbitzuen Elkartearen ekimenez, hainbat herritar bildu ziren ortziralean Kasinoan

Landazelaietan zentro komertzialik ez egitea eta Lesakako Herriko Etxeari eskura duen informazio osoa eman dezan eskatuz herri plataforma osatu zen joan den ortziralean, maiatzaren 30ean. Lesakako Zerbitzuen Elkartearen ekimena izan da plataforma hau osatzea. Egun batzuk lehenago, maiatzaren 28an, egindako agerraldian, gai honen inguruan herritarrak mugitzeko premia azpimarratu zuten. Honela, ortziralean, dendari, ostalari eta bertzelako komertzianteekin batera, hainbat herritar azaldu zen Kasinora. Baztan, Doneztebe eta Berako merkatarien ordezkariak ere izan ziren, eskualde osoari eraginen bailioke Landazelaietan 3.000 metro koadroko zentro komertziala jartzea, gaur egun Lesakako udalak esku artean duen egitasmoan ageri den bezala. Batzarrean aipatu zutenez, egitasmo hori ez dago oraindik onartua, baina egunotan erabaki behar du Udalak hirigintza hitzarmenari baiezkoa eman edo ez. Alde horretatik, plataformaren eskaria garbia da: Zentro komertzialik ez egitea eta dagoen informazioa plataformaren eta orokorrean, herritarren eskura jartzea. Horixe izan zen, bi orduko solas, adierazpen, iritzi emate eta eztabaiden ondotik adostu zena Kasinoan. Plataforman lan egin nahi duenak, batzordea osatuz edo bertzelako lanak eginez, Jabier Oronoz, Lesakako Zerbitzuen elkarteko idazkariarengana jo dezake.

Informazio eskaria

Ezker Abertzaleak Landazelaietako proiektuari buruzko azalpenak emateko 234 sinadura aurkeztu zituen Herriko Etxean maiatzaren 16an. Egun berean, Onin udal taldeak bere proposamenaren berri eman zuen. Udalak orain esku artean duen proiektua ez da talde honen gustoko. Orain, Zerbitzuen Elkartearen ekimenez osatu den herri plataforma honek ere eskari beretsua egiten du. Zentro komertzial erraldoirik ez egitea eskatzen dute. Lesakako merkatariek ez dute esklusibarik nahi, konpententziarako prest daude baina “konpetentzia leialerako, ttikien arteko konpetentzia eta ez haundi eta ttikien artekoa”. Horregatik, Lesakako udalari bere jarrera berriro planteatzea eskatzen diote eta Landazelaiako proiektuak komertzioa azalera bakarrean bildu beharrean, etxebizitzen azpietan banatzea. Europan komertzio ttikietara itzultzeko joera nagusi denean, Lesakan azalera haundiko gune batek herriari ez liokela gauza onik ekarriko uste dute merkatariek. Alde batetik, herriarentzat eta herriko dendentzat, tapoi bat izanen litzatekela uste dute: “ jendea ez litzateke guregana hurbilduko. zabor kontratuak eginen lirateke, herriko eta zonaldeko ongizatea arriskuan paratuko luke eta honek ez dio herriari bizia emanen. Desagertarazten badugu zaila izanen da berreskuratzea”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun