Berako Agerra auzoko bizilagunek Alkaiagako harrobian egin gogo den brea labearen kontrako agerraldia egin zuten larunbatean, “Brea labea ez etxeko atarian” izenburupean. Agerra eta Alkaiagako bizilagunak haserre daude, ez zaielako lekurik egokiena iruditzen brea labe bat jartzeko, lehenbiziko etxea ehun metrora, Alkaiaga auzoa bertatik bertara, Agerra auzoa 400 metrora eta Berako herri osoa kilometro terdiren barrenean duela. Bertzeak bertze, brea planta osasunarentzat kaltegarria eta arriskutsua dela aipatu dute Agerrako bizilagunek: “Ez da gure asmakizuna: Asturias eta Cantabriako tribunalek hala zioten espreski eta galarazi eta kenduarazi zituzten horrelako plantak. Gu guttiago al gara?”. Lehen ere, Alkaiagako harrobian probisionalki gisako planta izan zela gogoan dute bizilagunek: “Auzotarrak ederki aski oroitzen dira soinuaz, kutsaduraz eta honek ekarri zituen osasun arazoetaz. Hura kendu zuten eta orain berriro datoz betiko hor jartzera. Berriz ere interes ekonomikoak pertsonen osasunaren gainetik?”. Gainera, antzeko ezaugarriak dituzten jarduerak etxebizitzetatik bi mila metro baino guttiagora ezin direla ezarri ere jakinarazi dute bizilagunek. Berrizaun-Igantziko bentatan ere brea plantaren kontrako iritzia eman zuen Ingurugiroak, jarduera hau lur urbanoaren ondoan dagoelako eta etxebizitzak hurbil dituelako. Alkaiagan kasu berbera errepikatzen dela oroitarazi dute.
Azpitik erreka
Duela bederatzi urte Ingurumen Departamenduko zuzendariak aipatu zuenez Alkaiagako zulo horren azpian erreka doa eta erreka hori ez da geroztik desagertu. Gainera, euria egiten duenean, harrobi zulo horretan ura pilatzen da. Horrek erreka kutsatzeko eta arrantza hondatzeko arriskua dakarrela uste dute Agerrako bizilagunek: Brea planta joanen den zulo hortan biltzen den ur zikin hori dena, nora botako dute? Ondoko errekatxo batera eta handik zuzenean Bidasora, nahi ta nahiez. Izokin hazitegira. A ze bazka izokinentzat, brea, betuna… ederki asko haziko dira”. Arrantzarako ez ezik, bide berderako ere kaltegarria dela uste dute, kamioiak bertatik pasatu beharko dutelako.
Lesakako udalak ez ditu babesten
Lesakako udalaren eta orokorrean, administrazioaren aldetik, ez dutela babesik somatzen dute bizilagunek. “Hau bera Lesakako landazelaietan jarriko balute, zer? Ondi irudituko al litzaieke?”. Gainera, planta bat tramitatu eta bertze bat, desberdina eta handiagoa ezarri asmo dutela ere salatu dute: “Planta berria bada, espediente eta tramitazio berria eskatzen du. Non dago Lesakako udala? Ingurugiroarekin batera espediente zaharraz baliatu nahi al dute planta berri bat ezartzeko? Hori ez al da iruzurra?” Beraien arrazoiak azaltzeko egindako prentsa agerraldiaren ondotik, bizilagunek ordu erdiko kontzentrazioa egin zuten Agerran, etxeko atarian brea laberik ez dutela nahi adierazteko.