Lesakako San Fermin jubilatu eta pentsionisten elkarteak Burgira bisita antolatu du ekainaren 6rako. Parte hartu nahi dutenek abudo ibili beharko dute, ortziralean, maiatzaren 30ean, akautuko baita izen emateko azken epea. Txartelak 28 euroan salgai daude erretiratuen ostatuan. Erretiratuak eramanen dituen autobusa goizeko 7:30ean abiatuko da Lesakako plazatik eta Liedenan gosaltzera geldituko dira. Gero, Burgira joanen dira, Almadieraroaren Museoa eta gazta fabrika bisitatzeko. Gazta dastatzeko aukera ere izanen dute fabrika horretan. Segidan Otsagabiara joanen dira eta herria bisitatzeaz gain, bazkaldu ere bertan eginen dute, Kiskia sagardotegian. Sagardotegiko ohiko menua izanen dute: Bakailu tortilla, bakailua piperrekin, txuleta eta postrerako giltzaurrak, menbrilloa eta Erronkariko gazta. Edateko, sagardoaz gain, ardoa eta ura ere izanen da eta bazkalondorako eltzeko kafea eta kopa.
San Juan Xarrera mendi ateraldia
Bertze aldetik, San Fermin elkarteko mendi taldeak San Juan Xarrera ateraldia antolatu du ekainaren 24rako. Oinez abiatzen direnek goizeko 9etan izanen dute hitzordua elkartean eta bazkide hauek hameketakoa izanen dute aitzineko urteetako leku berean. Autobusez joaten direnak, berriz, goizeko 11etan abiatuko dira plazatik, San Juan Xarreko mezara tenorez ailegatzeko. Gero, ordubiak aldera, bazkaria izanen dute Arantzako Burlada jatetxean honako menu honekin: Sarrera hotz eta beroak, arrain zopa, ahate-deliziak guarniazioarekin, bildots errea entsaladarekin eta postrerako, tarta eta izozkia. Edateko, ardoa, ura, kaba, kafea eta kopa izanen dute. San Juan Xar egunerako txartelak San Fermin elkartearen ostatuan eros daitezke 28 euroren truke. Izen emateko epea ekainaren 16an akautuko da.