Lehen emanaldia eskaini zuten Beran institutuetako musika ikasleek

Goizalde URDANPILLETA 2008ko mai. 29a, 13:02

400 musikari baino gehiago bildu ziren Beran. TTIPI TTAPA

Ortzegun aratsaldean Lekarozen eta heldu den asteazkenean Leitzan izanen dira kontzertuak

Asteazkenean, maiatzaren 28an, Berako Eztegara frontoian institutuetako ikasleen lehen emanaldia egin zen arratsaldeko 17etan. Ikasleak goizean goiz ikastetxera joan, baina ez zituzten ohiko ikasgaiak eman. Autobusa hartu eta Berara joan ziren. Baina ez zen ohiko egun pasa izan, musika aitzakia bai zuten elkarrekin egoteko. Goizean Eztegaran bildu eta saioaren entsaio orokorra egin zuten. Pentsatu behar dugu ikasleek ikastetxeetan piezak ikasi eta jo dituztela, baina ez da gauza bera 50 eta 100k jotzea edo 400 pasa aritzea. Atsedenaltxioa hartu eta denak emanaldirako prest ziren. Hori bai, 5ak baino minutu batzuk lehenago ikaragarrizko euri erauntsia bota zuen, zerua erabat ilunduz, ortots eta inezturek bakarrik argituz. Momentu batean argia ere joan zen eta ikasleek bere urduritasuna erakutsi zuten. Poliki-poliki frontoia betetzen joan zen, nahiz eta erran behar dugun beheko aldea bakarrik hartu zutela, izan ere, izugarrizko itxaxura zegoen eta gaineko aldearen zati bat bustia zegoen.

Fatla direnei omenaldia

Musikari guztiak prestatu eta Joxen Zabalok ongi etorria eman zien guztiei. Lehen pieza jotzeko musikari talde bat jaiki eta dantzan aritu zen. Muxiko bat eskaini zuten eta Toki Ona institutuko ikasle batek mikrofonoa eskutan zuela pausuak adierazi zizkien gainerako guztiei. Kirioak dantzan jarri zituzten eta kasu honetan metafora hutsa baino zerbait gehiago izan zen. Ondotik, Joxanek berak falta direnak gogora ekarri nahi izan zituen. Omenaldi gisa, kanta pare bat eskaini zituzten. Horietatik lehena Etzakit taldearen “Urrun izan arren” izan zen. Kanta jo ez ezik, Toki Ona institutuetako bi ikaslek bi ahotsetara kantatu zuten. Momentu hunkigarria bizitu izan zen. Trikitixa eta bateriaren laguntza izan zuten, baina xirulariak errespetu osoz, ixilik egon ziren.

Hamargarren urteurrena

Institutu ezberdinetako ikasleek aurten, 10. urteurrena ospatzen dela eta, ekimen berezia egin dute eta talde bakoitzak kolore bateko kamiseta jantzi du, ekitaldia oraindik ere koloretsuagoa suertatuz. Toki Ona institutuetakoek kolore beltzeko kamiseta zeramaten, Leitzakoek bezala. Doneztebekoek laranja kolorea zeramaten, Lekarozkoek arroxa eta Altsasukoek berdea. Gainera, Lekarozko institutukoek beraien kamisetak pertsonalizatu eta marrazki eta idatziak gaineratu zituzten. Txirulaz gain, bertzelako musika instrumentuak ikus ahal izan genituen: bateria, gitarrak, txalaparta, saxofoia, djembea eta bestelakoak. Baina musika eskoletan ikasten diren instrumentu hauez gain, ikasleek perkusioa jo zuten txandatuz, hala, pieza bakoitzean aldatuz joan ziren eta aunitzek probatzeko aukera izan zuten. Kantak zuzentzen ikastetxeko musika irakasleak aritu ziren: Iñaki Otaño, Amaia Kordoba, Jabier Etxeberria, Aitor Larrañaga eta Joxan Zabalo. Saioak ordu eta erdi inguru iraun zuen eta azken piezan, txirulak utzi eta denak dantzan hasi ziren. Gainera, trumoi eta inezturek paso eman zieten eguzki izpiei, dena borobil atera zenaren seinale.

Ortzegun arratsaldean Lekarozen, heldu den asteazkenean Leitzan

Antolatzaileak hagitz kontent ziren eta baita ikasleak ere. Ikasturte bukaera arintzeko eta azken egunetan bizitu behar dituzten tentsioei aurre egiteko ez da batere formula txarra. Ikusle eta parte hartzaileek txalo zaparrada batekin akitu zuten emanaldia. Ortzegunean, maiatzaren 29an, Lekarozko institutuko kiroldegian bigarren saioa eskainiko dute arratsaldeko 17etan hasita. Ekitaldi honetara Lekarozko institutuko 1.go, 3. eta 4. mailako DBHko ikasleak bertaratuko dira, Beran soilik lehenengo mailakoak aritu bai ziren. Beraz, Beran aritutako guztiak ez dira izanen Lekarozen eta emanaldi bakoitza desberdina izanen da. Azken saioa ekainaren 4ean, asteazkenean, Leitzako Amazabal pilotalekuan izanen da arratsaldeko 16etan hasita.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun