Lesakako Landazelaietan egiteko asmoa den 340 etxebizitza eta 3.000 metro koadroko merkataritza gunearen inguruan gogoeta egin du Lesakako Merkatarien Elkarteak. Hainbat bilera egin dituzte azken hilabetetan eta edozein akordio sinatu aitzinetik, zenbait gauza kontuan hartu behar direla uste dute Lesakako komertzianteek. Honela, herriko komertzioek duten garrantziaz ohartarazi nahi dute eta neurri haundi batean, herriko ekonomia indartzen duten taldea direla uste dute. “Etxe atarian gaude ogia edo egunkaria hartzeko, gure seme-alabek autonomoak izaten ikas dezaten (enkarguak egiterakoan), «hipermerkatuan» ahantzi zaigun «horretarako», baina batez ere, zerbitzu on bat eskaintzeko, kalitatezkoa eta hurbilekoa dena. Isileko zerbitzua ematen dugu, baina hagitz garrantzitsua”.
Zerbitzuak hobetzeko helburua
Merkatarien Federazioan sartua dago Lesakakako Merkatari Elkartea, “ helburua gure zerbitzuak garatu eta hobetzea delako. Bizia, oreka eta ongizatearen irudia ematen diogu herriari; pentsatu, bertzela, dendarik eta zerbitzurik gabeko herria zer izanen litzatekeen. Autorik ez duten haurrek eta adinekoek ondoan gauzkate eta Krisi sakona dagoen garai honetan herriko ekonomia sendotzen laguntzen dugu”.
Komertzio ttikietara bueltatzeko joera
Europan komertzio ttikietara itzultzeko joera nagusi denean, Lesakan azalera haundiko gune batek herriari ez liokela gauza onik ekarriko uste dute merkatariek. Alde batetik, herriarentzat eta herriko dendentzat, tapoi bat izanen litzatekela uste dute: “ jendea ez litzateke guregana hurbilduko. zabor kontratuak eginen lirateke, herriko eta zonaldeko ongizatea arriskuan paratuko luke eta honek ez dio herriari bizia emanen. Desagertarazten badugu zaila izanen da berreskuratzea”.
Errespetua zor
Lesakako Merkatarien Elkarteak egiten duten lanari errespetua zor zaiola uste du: “Mesedez, errespetatu eta kontuan har gaitzazue. Errespetatu herritarrak eta denok erosoago egon gaitezen hainbertze lan egiten duen sektorea. Ez iezaiguzue ezabatu eta motibaziorik kendu. Ohartzen ez bazarete ere, behar gaituzue”. Kontsumismoa nahi duenak, hamabortz minutura aukera ederra duela uste du Lesakako Merkatari Elkarteak. “Ez gaude zibilizaziotik kanpo, hamabortz minutura nahi dugun «kontsumismoa» eskura dugu. Kontsumo arduratsu baterako komertzio eredugarria gara, eta ez, azalera haundiko guneek garamatzaten geldiezinezko kontsumismo horren eredu, adikzioa bailitzan gure sakela hainbertze astintzen duen kontsumo hori, alegia”.
Berdinen arteko konpetentzia
Lesakako merkatariek ez dute esklusibarik nahi, konpententziarako prest daude baina konpetentzia leialerako, ttikien artekoan, eta ez haundi eta ttikien artean. Horregatik, Lesakako udalari bere jarrera berriro planteatzea eskatzen diote eta Landazelaiako proiektuak komertzioa azalera bakarrean bildu beharrean, etxebizitzen azpietan banatzea.