Mugaz Gain Antzerki Jaialdiaren hamalaugarren edizioak segida izanen du aste honetan Beran, ortzegun eta ortziralean eginen diren emanaldiekin.
Haur eta gazte antzesleen topaleku bihurtua da jaialdi hau, bertako eta inguruko lanen erakusleiho, eta aurten ere halaxe izaten ari da.
Maiatzaren 8an eta 9an, kanpotik etorritako antzerki taldeak ikusteko aukera izan zen.
Orain, ortzegun eta ortziralean, maiatzaren 29an eta 30ean Bortzirietako ikastetxeetako antzezleen txanda izanen da.
Ortzegunean, Ricardo Baroja eta Jesusen Bihotzakoak
Maiatzaren 29an, ortzegunean, goizeko 10:00etan “Gure ipuina” eskainiko dute Ricardo Baroja ikastetxeko bigarren mailako ikasleek. Segidan, Jesusen Bihotza ikastetxeko bigarren mailako ikasleek “Tren bidaiariak” eskainiko du. Emanaldi hauek Bortzirietako ikastetxeei zabalik daude eta arratsaldeko 6:30etan antzerki lan berak Kultur Etxeko ateak zabalik dituztela eskainiko dituzte Ricardo Baroja eta Jesusen Bihotzako ikasleek.
Ortziralean, Labiaga ikastola, Igantziko eskola eta Jesusen Bihotzakoak
Maiatzaren 30ean, ortziralean, goizeko 10:00etan, “Mapa eroaren bila” antzeslana eskainiko dute Labiaga Ikastolako 5. mailako ikasleek. Segidan, “Hegoaldetik Iparraldera bakearen bila” antzeslana eskainiko dute Igantziko eskolako 3, 4, 5, 6. mailako ikasleek eta ortziral goizeko emanaldiak akautzeko, “Parisko ametsa” antzestuko dute Ricardo Baroja ikastetxeko 5. mailako ikasleek. Labiaga eta Ricardo Baroja ikastetxeetakoen emanaldia arratsaldeko 6:30etan ere ikusteko aukera izanen da, ateak zabalik direla.