Izaskun Obeso Inzak egindako kartelak iragarriko ditu 2008ko Lesakako Sanferminak. Lesakarra izan da udak kultur batzordeak antolatutako lehiaketaren irabazlea eta kartela argitaratua ikusteaz gain, 500 euroko saria jasoko du. Guzira, 15 lan aurkeztu dira kartel lehiaketa honetara eta Kultura Batzordearen botuekin eta herri bozketaren bidez eman da erabakia.
Programaren azal lehiaketa ere Izaskun Obesok
Gainera, Sanferminetako programaren azaleko irudia ere Izaskun Obeso Inzak marraztutakoa izanen da, berak irabazi baitu azal lehiaketa, aurkeztutako 19 lanen artean. “Besta Giroa” izenburua dauka lan honek eta honen truke ere 500 euro jasoko ditu.
Haurrei zuzendutako lehiaketa, programaren gibeleko azala erabakitzeko
Bertze aldetik, astelehenean, maiatzaren 26an alkateak hartutako ebazpenean, programaren gibeleko azala diseinatzeagatik sariak ere banatu ziren. Lehiaketa hau herriko ikasleei zuzendua zegoen eta izugarrizko arrakasta izan du, ehun lan inguru aurkeztu baitira. Lesakako Kultura Batzordeak, hasiera batean, sari bakarra ematea aurreikusia zuen, baina lanen maila ikusita, sarituaz gain, bertze bi aipamen egitea erabaki du. Lehenbiziko saria Maite Odriozola Muxikarentzat izan da “Eskol Ttiki” lanarekin. Honela, 300 euroko balioa duen balea eskuratuko du, Lesakako dendetan eskolako materiala erosteko. Lehen aipamen berezia Ane Lanz Aiertzak lortu du, “San Ferminak dira!” lanarekin. 100 euroko balea eskuratuko du, Lesakako dendetan materiala erosteko. Bertze aipamena lehiaketaren irabazlearentzat, Maite Odriozolarentzat izan da, “San Ferminak bukatuk” lanarengatik. Beraz, ehun euroko bertze bale bat ere eskuratuko du.