Kontent daude antolatzaileak. Maiatzaren 18an egindako Mendi Itzulian aurrikuspenak bete ziren. Bete baino gehiago gainera! Aurtengoa laugarren aldia izanik, azken hiru edizioetan baino mendizale gehiago bildu ziren hitzordura. Oraingoan, gainera, eguzki printzak batu ziren eta lainopean egin beharrean itzulia, eguraldi garbia zegoen paisaia hobeto estimatzeko.
Aurtengo Mendi Ibilaldian 501 lagunek gozatu zuten Arantzako mendi zirkuarekin. Gainera, Ternida eguna izaki, aunitzek Mendaurko kaxkora igotzeko hautua egin zuten (aukerakoa izaten da hau beti). Mendi gainetan, beraz, bazen mugimendua eta bazkal aitzinetik ere, herriko plazan prestatutako hamaiketakoa gustura hartu zuten mendian ibilitakoek.
Hainbat astetan guzia lotzen aritu da Ekaitza Elkarteko Mendiko Batzordea. Baina asteburu horretan 30 inguru herritar lanean aritu ziren guzia borobil ateratzeko. Bezperan, plaza gunea antolatzen eta mendiko ibilbidea markatzen; eta egun berean izenak hartzen, kontrol puntuetan jan edariak eta bertzelako zerbitzuak eskaintzen, plazan eta ostatuetan gosaria prestatzen, oroigarriak banatzen… Eta guzia biltzen! Herritar eta entitate aunitzek lagundu dute eta hori eskertu nahi du antolakuntzak lerro hauen bidez.
Gisa berean, ibilaldia egin duten herritar nahiz herritar ez direnak hemendik bi urtera itzultzeko gonbidapena eginen dugu. Seguru hurrengo ediziorako gogo eta ilusio faltarik ez dagoela! Hurrengoaren esperoan geratzen gara eta gure aldetik, txoko honetan iragartzeko irrikaz gaude. Zorionak lanean aritu zareten denei!